Hitzordu honetan, aipatu moduan, azken lau urteotako balantzea partekatu nahi dute zubietarrekin. Inbertsioen, garatzen ari diren erronken eta material erosketen gainean jardungo dute.
Une historiko garrantzitsua bizi du Zubietako Herri Batzarrak, gutun berean irakur dezakegunez. Zubietako bizilagunen erakunde nagusia denaren etorkizuna erabakitzeke egon daiteke. Hala dio, datorren asteko bilerako gai zerrendaren bigarren puntuak, 2019-2023 legealdiari begira. “Legegintzaldi berria: jarraipena edo desagerpena”.
Gai hauek eta sor daitezkeen beste batzuez gain, galdera eta erantzunetarako tartea izango da.
Herri bilera oso garrantzitsua beraz, Herri Batzarretik apirilaren 3rako deitu dutena. Bertaratzeko gonbita luzatzen diete zubietarrei. “Zure parte hartzea behar eta espero behar dugu. Garrantzitsua iruditzen zaigu, Zubietako etorkizuna zein izango den jakiteko”, adierazi dute Zubietako Herri Batzarretik.
Lankidetza hitzarmena
Zubietako Herri Batzarrak datorren apirilaren 3rako deitua duen bilkuraren bezperatan, Zubieta hizpide izan zuten Usurbilgo Udaleko udalbatzaren osoko bilkuran; Zubietako hitzarmena. Aurreko astekarian berri eman genizuen moduan, Zubietako hondakinak biltzeaz Usurbilgo Udala arduratuko da laster, Zubietako Herri Batzarrak eta Usurbil zein Donostiko Udalek landu duten lankidetza hitzarmenari esker.
Lankidetza hitzarmen hau ordea, zabalagoa da, “Zubietako eremuan exekutatutako obra eta zerbitzuen” ingurukoa hain zuzen. Zubieta eremu honetan eraginkorrago kudeatu ahal izatea du helburu hitzarmen berriak. Lankidetza hitzarmen azken plenoan aho batez onartu zuen udalbatzak.