Egun iluna asteartekoa errepideetan. Bi lagun hil eta hiru zauritu ziren Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako errepideetan izandako hiru istripuetan. Horietako bat, Lasarte-Orian jazo zen, arratsaldeko 17:00ak pasatxoan, N-1 errepideko 452,5. kilometroan, Irungo noranzkoan.
Honda markako motozikleta batek Renault Trafic markako furgoneta batekin talka egin zuen eta atzetik zetorren Yamaha markako beste motozikleta bat erori egin zen, gainean zihoazen 21 eta 23 urteko bi lagunak zaurituz. Istripua gertatu zen tokira larrialdi zerbitzuetakoak bertaratu eta Honda markako motozikletako gidaria suspertzen ahalegindu ziren arren, hil egin zen. Hildakoa 65 urteko usurbildarra da.
Istripuaren ondorioz N-1 errepidea guztiz itxi egin zuten, ibilgailuen joan etorria Lasarte herri gunera desbideratu zuen Ertzaintzak. Errepidetik bi motozikletak kendu zituztenean zabaldu zuten berriz N-1 errepidea.