Euskal Herria, Kantabria eta Asturiasko hainbat etxebizitzetan lapurtzen aritua zen taldea antzeman dute Usurbilen

Noaua Aldizkaria 2019ko api. 3a, 11:48

Joan den astean Puntapax kalean izandako istripuan antzeman zuen taldea Ertzaintzak. Hiru lagunetatik bat atxilotu zuen. Epailearen esku utzi ostean, karguekin behin behinean aske utzi dute. Ikerketak zabalik segitzen du beste bi lagunak atxilotu eta epailearen esku uzteko.

Harridura eta kezka eragin zuen aurreko astean, Usurbilen izandako istripu batek. Puntapax kalean gertatu zen, Dia saltokitik hurbil dagoen bidegurutzean. Auto batek furgoneta baten aurka talka egin zuen. Istripu haren nondik norakoak argitu berri ditu Ertzaintzak. Prentsa ohar bidez jakitera eman duenez, Citroen C-4 markako autoko kideak ihesi zihoazen eta ihesaldian, ondoko argazkian ikus daitekeen istripua izan zuten.

Auto barruan hiru lagun zihoazen, Ertzaintzaren esanetan, Asturias, Kantabria, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroako landa eremuko hainbat etxebizitzetan lapurtzen aritzen zen talde bateko kide izatea egozten zaie. 

Taldeari 2018ko urrian hasi eta 2019ko martxora arte indarra baliatuz aipatu herrialde guztietako etxebizitzetan 10 lapurreta egitea egozten diete Ertzaintzako ikerlariek, 16 ibilgailu ostea baita Usurbilen, Larraulen, Elduainen, Legazpian, Mutiloan eta Oreretan Gipuzkoan. Nafarroako Beran, Oitzen, Saldiasen, Zubietan, Lesakan, Eulaten eta Akai Arakilen. Eta Arabako Arraia-Maeztun.

Ikerketa zabalik
Usurbilgo atxiloketaren unean, hiru lagunok baliatzen ari ziren Citroen markako autoa ere Nafarroan lapurtu eta Usurbilen aparkatua zegoen ibilgailua zen. "Ibilgailuaren presentzia bost egun lehenago antzemana izan zen eta ordutik zaintzapean zegoen", Ertzaintzak berri eman duenez.

Joan den astean, hiru lagunok Usurbilen aparkatua zegoen ibilgailura sartzen ahalegindu zirenean, Ertzaintza geldiarazten ahalegintzean, jasotako aginduei kasurik egin ez eta abiadura handiz ospa egin zuten bertatik, kontrako norabidean. Hainbat herritarrek hurbiletik ikusi eta bizi ahal izan zuten unea. Hainbat maniobra arriskutsu egin ostean gertatu zen Puntapax kaleko istripua. Istripua gertatuta, autoko hiru lagunek ihes egin zuten. Taldeko burutzat jotzen dutena atxilotu zuen Ertzaintzak. Martxoaren 28an, epailearen esku utzi zuten eta kargupean aske utzi zuten behin behinean gero. Ikerketak zabalik segitzen du, Usurbilen atxilotu zuten talde buruarekin ziren beste bi lagunak atxilotu eta epailaren esku uzteko.

Ez zen lehen aldia
Ertzaintzak berri eman duenez, 2013. urtean zehar eginiko ikerketa baten baitan, indarra baliatuz Hego Euskal Herriko nahiz, Kantabria eta Asturiaseko landa eremuko etxebizitzetan 130 lapurreta egindako talde bat desegin zuen. Lapurreta hauek egiteko autoak lapurtzen zituzten, gerora arrazoi ezberdinengatik nonbait utzi eta beste batzuk lapurtzen zituzten, normalean aurreko autoak uzten zituzten lekuetatik hurbil. Hala, gerora berreskuratu ahal izan ziren 28 auto lapurtu zituzten garai hartan.

2014an berriz ere atxilotua izan zen taldea. Orduko hartan, indarra baliatuz 58 lapurreta egitea egotzi zitzaien eta gerora berreskuratu ahal izan ziren12 auto ostea. 

Gerora, taldeak ia ez zuen apenas lapurretarik egin 2016an eta 2017an berriz jardunean hasi ziren arte. Urteotan, bereziki Arabako mendialdean aritu ziren lapurretan, baita Nafarroan, Kantabrian eta Asturiasen. 

Horren aurrean, ikerketa berriak burutu zituen Ertzaintzak eta 2017ko maiatzaren 26an Nafarroan egin zituzten hiru lapurreta argitu zituzten, lapurtutako hainbat objektu eta auto berreskuratzearekin batera. "Zifra hauek talde honen delitu ekintzen isla dira", Ertzaintzaren esanetan.

Ekintza guztion taldeko burua 47 urteko gizonezko bat da, Ertzaintzaren polizia operazio guztiotan atxilotua izan dena. 2017ko atxiloketaren ostetik, 2018ko urrira arte etenaldia hartu zuen taldeak. Ordutik aurtengo martxora arte, jardunean aritu dira berriz, joan den asteko Usurbilgo istripua jazo arte.

Argazkiaren egilea: Ertzaintza.