Errenta Aitorpenerako autolikidazio proposamena ikusi daiteke jada

2018ko errenta aitortzeko kanpaina hemen da. Jada autolikidazio proposamenak ikusteko aukera duzue. 

2018ko diru kontuak Ogasunarekin argitzeko garaia ate joka dugu. Iazko errenta aitortzeko kanpainari begira, zabalik duzue jada zerga informazioa eskuratzeko epea. Informazio hau jasotzeko bi bide dituzue. Postaz bidaltzeko eskaera egin dezakezue edota gipuzkoa.eus atarian sartuta.

Horrekin batera, autolikidazio proposamenak ikusteko epea ere zabalik dago. Asteazken honetan hasita, 200.000tik gora autolikidazio proposamen bidaliko dituzte posta bidez.

Errenta Aitorpenerako datak
Errenta aitorpena bideratzeko kanpainako datak finkatuak daude jada:
-Martxoaren 13tik aurrera: zerga informazioa eskuratzeko epea zabalik.
-Apirilaren 1etik aurrera: autolikidazio proposamena ikustea.
-Apirilak 3-17: 200.000tik gora autolikidazio proposamen bidaliko dituzte posta bidez.
-Apirilaren 8tik uztailaren 1era: autolikidazio proposamena onartzea.
-Apirilaren 12tik ekainaren 8ra: errenta mekanizaturako hitzordua eskatzea (autolikidazio proposamena jaso baina onartu nahi ez dutenek apirilaren 17tik aurrera).
-Apirilaren 15etik uztailaren 1era: errenta mekanizatua eta Internet bidezko aitorpena onartzea. 

Errenta euskaraz aitortzeko deia
Urtero moduan, Ogasunarekin diru kontuak euskaraz argitzeko gonbita luzatuko digute Buruntzaldeko udalek, tartean Usurbilgoak. Dagoeneko, 2018ko errenta aitorpena euskaraz tramitatzeko baliabideak prest dituzte. Iaz 3.208tik 920 errenta aitorpen euskaraz bideratu ziren Usurbilen, gainerako 2.288ak erdaraz. Gorantz doa kanpaina hau euskaraz egitea hautatzen duten herritarren kopurua. 2008an 494 izan ziren, iaz 920. 

Informazio gehiago:
https://www.gipuzkoa.eus/eu/web/ogasuna/
943 113 000