Andres Bruño eta demokrazia garaiko lehen alkateak omendu ditu EUDEL-ek

Noaua Aldizkaria 2019ko api. 5a, 17:13

Demokrazia garaiko lehen alkateak omendu ditu EUDEL-ek ostiral eguerdi honetan, Genikako (Bizkaia) Batzarretxean. Tartean, Andres Bruño aginagarra.

Francoren diktaduraren ostean ospaturiko lehen udal hauteskundeetatik 40 urte bete berri dira apirilaren 3an. Demokrazia garaiko lehen alkate izandakoak omendu ditu ostiral eguerdi honetan Gernikako (Bizkaia) Batzarretxean, Euskadiko Udalen Elkarte EUDEL-ek egin duen 2015-19 legealdiko azken batzarra ospatzearekin batera.

224 gizonezko eta lau emakumezko omendu dituzte eta ordutik alkate izandako 2.400 lagun baino gehiago. Tartean, trantsizio garaiko Usurbilgo lehen alkate Andres Bruño. "Makila, eskuz esku, 40 urtez" aldarripean, "makilaren ondarea" izan da omenaldiaren haria. 

"Euskadiko udalentzat balio historiko eta sinboliko handia duen egun bat gogoratuko du. Diktadura sasoi luze baten ondoren, 1979ko apirilaren 3an egin ziren hauteskundeetan hautatu ziren demokraziako lehen udalak abiarazi zituzten alkateak", dio EUDEL-ek. 

Alkateen jarduna goraipatu du EUDEL-ek. "Atzoko eta gaurko alkateek ezaugarri berdinen bat badute, hauxe da: zerbitzu publikorako bokazioa; eskuz esku, gorputz eta arima lanean aritzeko eta sakrifiziorako gaitasuna, desberdintasun guztien gainetik, udalerrien aurrerabidearen eta bizi-kalitatearen mesedetan.

Pertsonekiko hurbiltasunak eta enpatiaren eta tokiko erakunde guztiekin sarean lan egitearen ondorio da udalak izatea ondoen baloratutako erakundeak. Hurbileko erakundeak eta egunetik egunera irekiagoak, gardenagoak eta parte-hartzaileagoak dira, herritarrekiko konplizitatea dutenak".

Aitortza eta esker ona
Omenaldi ekitaldian bertan izan da Andres Bruño senideekin eta Usurbilgo Udaleko ordezkaritza batekin. Egungo alkate Xabier Arregi Udaleko sare sozialen bidez omenduari esker ona adierazi nahi izan dio. "Andres Bruño Urdanpilletak, Usurbilgo trantsizioko lehen alkateak ondo merezitako aitortza eta omenaldia jaso du. Ohore handia izan da une hau Andresekin partekatzea, eta beraz, gure partetik usurbildarron izenean ere aitortza, zorionak eta esker ona adierazi nahi diogu Andres Bruñori".

Bruñorentzat berezia den lekuan egin diote omenaldia, Usurbilgo alkateak gogorarazi duenez. "Andresek ere badu Gernikarekin bestelako loturarik. Izan ere gerra garaian hemen egotea egokitu zitzaion eta berak kontatzen duenez, hegazkin batek ametrallatu zuen. Berak dio txiripaz atera zela bizirik. Beraz Andres Gernikan gertatutakoaren lekuko bizia da, gure historiaren pasarte beltzenetako baten lekuko bizia". 

Argazkien egilea: Usurbilgo Udala.