Naiz.eus hedabideak berri eman duenez, Euskadiko Auzitegi Gorenak laugarren urtez jarraian arrazoia eman die Usurbil, Oiartzun eta Hernaniko Udalei, eta 2014, 2015 eta 2016an egin bezala, San Marko Mankomunitateko 2017ko aurrekontuak ere baliogatu egin ditu. Urteak daramatzate, udalok mankomunitateko aurrekontuen aurkako helegiteak aurkezten. Hiru udalerriotan atez ateko bilketa dago indarrean, eta halere, baliatzen ez duten edukiontzien sistemagatik ordaintzea eskatzen zieten San Marko Mankomunitateko EAJ eta PSE-ko agintariek. Mankomunitateak atez ateko bilketa indarrean duten herriekin ere partekatezn zituen, edukiontzien sistema baliatzen zuten gainerako herrien gastuak.
Honenbestez, hondakinak gaika gehien biltzen dituzten udalerriei (Usurbil, Hernani, Oiartzun) gehien ordainarazten zitzaien, baliatzen ez zituzten zerbitzuengatik, nabarmen gutxiago birziklatzen zutenek gastuak aurrezten ari ziren artean. 2017an jokabidez aldatu eta kobratzeko modu hau aldatu zuen San Markok eta Garbiguneen bidez hasi ziren dirua biltzen. Hiru Garbigunetik bi Hernanin eta Oiartzunen daude.
_____________________________________________________________________________________________________
"Bigarren aldiz ere arrazoia eman digute. Zuzen genbiltzan"
"Bigarren aldiz ere arrazoia eman digute. Zuzen genbiltzan". Hitzokin hasi zuten duela urtebete, 2018ko martxoan, Usurbil, Hernani eta Oiartzungo Udaletako ordezkariek San Marko Mankomunitateak Donostian duen egoitzan egin zuten agerraldia. Egun batzuk lehenago jakin zutenez, EAE-ko Auzitegi Nagusiak aipatu mankomunitatearen 2016ko aurrekontuak baliogabetu zituen eta honenbestez, arrazoia eman berri zien udalok aurkeztutako helegiteei. Ez zen lehen aldia. 2017ko azaroan egin zuten agerraldian berri eman zutenez, Espainiako Auzitegi Gorenak 2014ko aurrekontuak ere baliogabetu zituen.
2014, 2015 eta 2016ko aurrekontuak errekurritu zituzten auzitegietan udalok, dagokiena baino gehiago ordaindu beharrean aurkitu direlako udalerriok. Baliatzen ez zituzten zerbitzuengatik ere ordaindu behar izan dutela salatu zuten urteotan. Aipatu moduan, auzitegiek jada bitan eman zieten arrazoia. Bigarrenez, egunotan. 2016ko aurrekontuei jarritako helegiteari arrazoia eman zien EAE-ko Auzitegi Nagusiak Usurbil, Hernani eta Oiartzungo Udalei. Epai hau baloratzeko egin guten duela urtebeteko agerraldia. "Epaia argia da, 2016ko aurrekontuak baliogabetu egin ditu eta San Marko Mankomunitatea behartzen du auzibideak eragin dituen kostuak ordaintzera", berri eman zuen Hernaniko alkate Luis Intxauspek.
Birziklatzea, zigortua
Aurrekontuok helburu argi bat zuten, udalerrion esanetan. Gaikako bilketa egoki egiten ez duten herriak kaltetu ez eta "hondakinen bilketa eraginkorrak martxan zituzten herriak eta herritarrak zigortzea. Zigortu egiten da hondakinen kudeaketa jasangarria eta ekonomia zirkularraren aldeko hautua", zioen agerraldian, Oiartzungo udaleko ordezkari Eneritz Arbelaitzek. Hondakinen kudeaketa jasangarria sustatzeko, justu alderantzizkoa bultzatu behar dela zioen. "Ezinbestekoa da ondo egiten ari direnak saritzea eta gaizki egiten ari direnak zigortzea". Saritu ala zigortu, baita ekonomikoki ere.
Praktika onak saritu eta txarrak zamatzeko irizpideak gidatu behar ditu edozein erakunderen aurrekontuak, hiru udalon esanetan. Ez urteotan gertatu den moduan. 2009az geroztik hainbat herri hasi ziren gaikako bilketa sistema eraginkorrak martxan jartzen, tartean, agerraldian parte hartu zuten hiru udalerriak. Aldiz, "Udalak Mankomunitateari egin beharreko ekarpena ordea ez zen egokitu errealitate horretara". Eta hortik, urteotan auzibidera jotzeko erabakiak. "Aurrekontuak epaitegietara eraman behar izan genituen. EAJ eta PSE-ko ordezkariek berriz ere entzungor egin zietelako sistema justuago bat martxan jartzeari".
"Gipuzkoan, beste inon baino garestiagoa da birziklatzea"
Eskandalagarritzat eta oso bidegabetzat jotzen zituzten udalok ordaindu behar dituzten tarifak eta tarifok kalkulatzeko modua, errefusaren tarifari lotuta egiten baita. "Gaikako bilketaren ehunekoak askoz altuagoak izanda ere, organikoaren eta errefusaren tratamendu tarifak San Markoko ehunekoaren arabera kalkulatzen ditu GHK-k", zioen Usurbilgo alkate Xabier Arregik. Eta ildo horretatik zioen, herriok ez direla ordezkatuak sentitzen Mankomunitatean. "Horrek ez du inondik ere errespetatzen Europatik eskatzen dena eta kalte egiten dio nabarmen hondakinen hierarkiari, eta beraz, etxeko lanak ondo egiten dituzten herriei", nabarmendu zuen Arregik. Gai honen inguruan, mankomunitateko batzarrean eginiko proposamena bozkatzea ukatu zitzaiela salatu zuten.
Laburbilduz zioten, "Gipuzkoan, beste inon baino garestiagoa da birziklatzea". Horren erakusgarri, plazaratu zituzten zenbait datu:
Zenbakitan
-San Marko Mankomunitateko gaikako bilketa (2017): %46,9. Gaikako bilketa sistema eraginkorrak dituzten herriak: %80tik gora.
-Organikoa tratatzeko San Marko Mankomunitatean ordaindu beharreko tarifa: 138 euro, tonako. Euskal Herriko gainerako herrialdeetan: 31-33 euro tonako.
Bidezko tarifen alde urratsak emateko deia
Jaso zituzten aldeko bi epaiak garrantzitsuak diren arren, bada oraindik zeregina hiru udalon esanetan, "bide luzea dago egiteko hondakinen kudeaketaren tarifazio sistema bidezko bat lortzeko". Baina urratsak ematen hasi beharra dagoela ohartarazten zuten, "bene benetan sinisten badugu, birziklatzea eta hondakinen hierarkiak errespetatu behar direla".
Europako Parlamentuak ere berriki, norabide horretan, hondakinen kudeaketa jasangarriaren eta ekonomia zirkularraren alde hartu zituen hainbat erabaki, laster arau bilakatu asmo dituztenak, ekarri zituzten gogora. "Hondakinen hierarkia errespetatuko duten tarifak eta finantziazio sistemak aplikatzea" eskatzen ari direla zioten:
-2025erako hondakinen %55 birziklatu beharko dira. 2035erako hondakinen %65.
-2035erako, gehienez hondakinen %10 isuri ahalko da zabortegietara.
Irizpide aldaketa
Azken urteetako San Marko Mankomunitatearen aurrekontuak epaitegietan errekurrituak dituzte. 2018koetan aldaketaren bat baino ez zela egin zioten arren, auzitegitara jotzea baztertu zuten Usurbil, Hernani eta Oiartzungo udalek, "gure elkarlanerako prestasuna erakusteagatik. Halere, San Marko Mankomunitatearen aldetik, gardentasuna, zintzotasuna eta gure herriekiko eta herritarrekiko errespetua espero dugu".
2017ko azaroan epaitegiek baliogabetutako 2014ko aurrekontuen epaia gauzatzeari dagokionean aurreratu zutenez, "San Markok kalkuluak aurkezten dizkigunean baloratuko dugu justuak diren ala ez". Hondakinen tarifikazioan irizpide aldaketa bat galdegin zuten. Batetik, "jasotako zerbitzuaren arabera ordaintzea". Eta honekin batera, "sortzez besteko filosofia ere aplikatu behar da nahitaez".