207.000 ontzi kontserba, 93.000 litro olio eta 11.000 kilo arroz. Ez dira nolanahiko zifrak. Errigorak ezagutzera eman berri dituenak dira hain zuzen. Azken asteotan martxan izan eta bost urte bete dituen "Nafarroa hegoaldeko uzta, eskutik eskura" kanpainaren testuinguruan, Euskal Herriko 6.500 etxeetara helduko diren produktuak denak. "Emaitzek erakutsi digutenez, kanpaina ondo sustraituta dago honezkero eta 6.500 bat etxetan hartu dugu ohitura Nafarroa hegoaldeko oliba-olioa, kontserbak eta, aurten lehenengoz, arroza eskatzeko".
Emaitza hauen aurrean, Errigorak kanpaina hau ahabideratu duten guztiei eskerrak helarazi nahi dizkie. "Azkenerako 140 herritako ia 300 gunetan ibili gara ehunka lagun, borondatez, gure aletxoa jarri nahian". Argi diote, kanpaina honen bidez, "auzolana, bertakotasuna eta burujabetzaz gain, komunitatea elikatzen dugu".
Eskerrak eta zorion mezua ere helarazi nahi izan dute. "Eskerrak baino zorionak banatzea tokatzen da agian: mila zorion, hau ez delako batak besteari egindako mesedea, guk geure buruari egindakoa baizik. Mila zorion, beraz, geure buruari, maite duguna elikatzen ari garelako. Mila zorion, norbere ekintza txikiarekin, guztion artean helburu handiak betetzeko bidean garelako".
NOAUA!ra etorri
Asteotan egin dituzuen Errigorako produktuen eskaerak bi txandatan jasoko dituzue. Olioa eta kamisetak eskatuak dituzuenok ostegun hau (apirilak 11) baino lehen etorri NOAUA!ra. Kontserba- eta arroz-loteak maiatza amaieran helduko zaizkigu. Jaso bezain laster jarriko gara zuekin hartuemanetan. Ordainketak ere produktu bakoitza jasotzerakoan egin beharko dira. Informazio gehiago: NOAUA!n bertan (edo 943 360 321 telefono zenbakian) edota errigora.eus atarian.