21. Korrika

Ostiralean 21. Korrika heldu aurretik, hitzordu ugari egunotan

Noaua Aldizkaria 2019ko api. 8a, 13:07

Astean zehar, haurrek sortutako marrazkien erakusketa bisitatu ahalko da Sutegin. Kultur etxean bertan, "Txillardegiren Klika" dokumentala ikusteko aukera izango da asteazkenean.

Korrikaren astean sartu gara! Ostiralean helduko da 21. Korrika! Aginagako Mapiletik sartuko da 14:24 aldera. Ordubete pasatxoko tartean udalerria zeharkatu eta Lasarteren esku utziko du lekukoa. "Klika" aldarripean helduko euskararen aldeko martxan parte hartu aurretik bi hitzordu deitu ditu Korrika Batzordeak:

21. KORRIKARI ESKAINITAKO ASTEA
Apirilak 8-12, astelehenetik ostiralera
Susana Martinen Zirriborro tailerreko haurrek 21. Korrikaren inguruan sortutako marrazkien erakusketa Sutegin.

Apirilak 10, asteazkena
19:30 "Txillardegiren Klika" dokumentalaren proiekzioa Sutegiko auditorioan.
Zehaztasunak: "Korrikak aurten omenduko duen Txillardegiren dokumentala eskainiko da. Txillardegiren Klika osatzeko, 14. KORRIKAk Txillardegiri grabatutako elkarrizketan oinarritu da Kote Camacho. Dokumental berri horren ardatza elkarrizketa hartako irudi gordinek osatuko dute, nagusiki: han jorraturiko gaiek dokumental honetan jaso nahi direnekin bat egiten dutelako. Txillardegi, bere horretan, gustura eta natural ageri delako, kamerarik ez balego bezala. «KORRIKAk KORRIKArako egina izateak magia-ukitua ematen diolako», diote arduradunek. 14. Korrika hark Ni ere bai leloa zabaldu zuenak, euskara ikasteko urratsa egindako jendea omendu nahi izan zuen. Oraingoan, KORRIKA urrunago doa, Klika leloaz eskatu nahi baitu euskara erabiltzeko, euskaraz ahalduntzeko, euskararekin inplikatzeko, eta, noski, ez dakienak euskara ikasteko. Horregatik guztiagatik omenduko du Txillardegi: euskaldun berri zahar hura (berak zioen bezala) erabakigarria izan da euskararen historiako azkeneko mende erdian.

Elkarrizketa hura oinarri, bestelako artxibo ugari eta protagonista zenbait tarteko, (Bernardo Atxaga, Harkaitz Cano, Joxe Azurmendi, miren Azkarate, Ibon Sarasola eta Laura mintegi, esaterako), baina Txillardegi beraren ahotsa ardatz: hara hor Txillardegiren Klika dokumentalaren osagarriak".

Apirilak 12, ostirala: Korrika Eguna
11:30-12:30 Korrika Txikia Zubietan eta Udarregi Ikastolan.
14:30 21. Korrika Aginagako Mapiletik Zubietako hipodromoko zubiraino. Partaideei Euskaraldian erabilitako txapak soinean eramateko eskatu nahi diegu. Ibilbidea: Aginaga-Kaxkoa-Kalezar-Kaxkoa-Santuenea-Zubieta.
17:00 Txokolatada Dema plazan.
Ondoren, herriko gazteek Olinpiadak egingo dituzte.
19:30 BERTAN BEHERA geratu da "Iturri bati begira. Joxan Artzeren interpretazio bat": Jon Sarasuaren emanaldia. Sarrerak erosiak zenituztenok, Etumeta AEK euskaltegira joan eta dirua itzuliko zaizue. 

Antolatzailea: Korrika Batzordea.