21. Korrika

"Txillardegiren Klika" dokumentalaren proiekzioa 19:30etan Sutegin

21. Korrika gure artera heltzeko bi egun baino ez! Ostiraleko Korrika Eguna girotze aldera, Korrika Batzordeak antolatuta, "Txillardegiren Klika" dokumentala proiektatuko da gaur (apirilak 10) 19:30etan Sutegin.

Gogoan izan, euskara batuaren 50. urtemugaren harira, Txillardegi omenduko du 21. Korrikak, "egundoko lana egin zuelako, eta euskaldunon historian egin den gauzarik inportanteena ziur aski Txillardegiri zor diogulako. Ezin da esan hori baino gehiago. Euskararen historian, bada gauza bat oinarrizkoa, beste guztiak baino garrantzizkoagoa, eta hori estandarra sortu izana da: EUSKARA BATUA". 

Txillardegik euskaldunoi eginiko ekarpena goraipatuko du 21. Korrikak. "Txillardegik, urte askoan, irmotasunez agertu zuen goi-mailako erabileretarako euskal hizkuntza bateratua sortzeko beharra. 1957tik, euskaltzain urgazlea zen, baina sekula ez zen iritsi euskaltzain osoa izatera, euskalari gisa aski eta sobera merezimendu zituen arren. 

1964ko urrian, Euskal Idazkaritzak batzar ireki baterako deialdia egin zien Euskal Herriko idazle eta irakasleei, haien iritziak entzuteko. Urtebete geroago, hartutako erabakiak biltzen zituen txostena plazaratu zen. Hura izan zen Arantzazuko Batzarrak 1968an eraturiko txostenaren —euskara batuaren sorrera-agiritzat hartzen den txostenaren— aurrekari nagusia. Bada, lehenengo txosten haren aitzindaria eta egilea Txillardegi izan zen".

21. KORRIKARI ESKAINITAKO ASTEA
Apirilak 8-12, astelehenetik ostiralera
Susana Martinen Zirriborro tailerreko haurrek 21. Korrikaren inguruan sortutako marrazkien erakusketa Sutegin.

Apirilak 10, asteazkena
19:30 "Txillardegiren Klika" dokumentalaren proiekzioa Sutegiko auditorioan.
Zehaztasunak: "Korrikak aurten omenduko duen Txillardegiren dokumentala eskainiko da. Txillardegiren Klika osatzeko, 14. KORRIKAk Txillardegiri grabatutako elkarrizketan oinarritu da Kote Camacho. Dokumental berri horren ardatza elkarrizketa hartako irudi gordinek osatuko dute, nagusiki: han jorraturiko gaiek dokumental honetan jaso nahi direnekin bat egiten dutelako. Txillardegi, bere horretan, gustura eta natural ageri delako, kamerarik ez balego bezala. «KORRIKAk KORRIKArako egina izateak magia-ukitua ematen diolako», diote arduradunek. 14. Korrika hark Ni ere bai leloa zabaldu zuenak, euskara ikasteko urratsa egindako jendea omendu nahi izan zuen. Oraingoan, KORRIKA urrunago doa, Klika leloaz eskatu nahi baitu euskara erabiltzeko, euskaraz ahalduntzeko, euskararekin inplikatzeko, eta, noski, ez dakienak euskara ikasteko. Horregatik guztiagatik omenduko du Txillardegi: euskaldun berri zahar hura (berak zioen bezala) erabakigarria izan da euskararen historiako azkeneko mende erdian.

Elkarrizketa hura oinarri, bestelako artxibo ugari eta protagonista zenbait tarteko, (Bernardo Atxaga, Harkaitz Cano, Joxe Azurmendi, miren Azkarate, Ibon Sarasola eta Laura mintegi, esaterako), baina Txillardegi beraren ahotsa ardatz: hara hor Txillardegiren Klika dokumentalaren osagarriak".

Apirilak 11, osteguna
15:00 Korrika Txikia Aginagako Eskolan.

Apirilak 12, ostirala: Korrika Eguna
11:00
Korrika Txikia Zubietako Eskolan.
11:30-12:30 Korrika Txikia Udarregi Ikastolan.
14:30 21. Korrika Aginagako Mapiletik Zubietako hipodromoko zubiraino. Partaideei Euskaraldian erabilitako txapak soinean eramateko eskatu nahi diegu. Ibilbidea: Aginaga-Kaxkoa-Kalezar-Kaxkoa-Santuenea-Zubieta.
17:00 Txokolatada Dema plazan.
Ondoren, herriko gazteek Olinpiadak egingo dituzte.
19:30 BERTAN BEHERA geratu da "Iturri bati begira. Joxan Artzeren interpretazio bat": Jon Sarasuaren emanaldia. Sarrerak erosiak zenituztenok, Etumeta AEK euskaltegira joan eta dirua itzuliko zaizue. 

Antolatzailea: Korrika Batzordea.