Udal hauteskundeetako kanpaina prestatzeko EHBilduren bilera irekia 18:30etan Potxoenean

Noaua Aldizkaria 2019ko api. 11a, 07:45

Espainiako Gorteetarako apirilaren 28ko hauteskundeei begirako kanpaina abiatzear den honetan, Usurbilgo EHBildu maiatzaren 26ko udal hauteskundeena prestatzen hasia da. 

Ostegun honetarako (apirilak 11) bilera irekia deitu du 18:30etan Potxoenean. Gogoan izan, egungo udal gobernu taldeko kideen eskutik aurkeztu zuten aurreko ostiralean frontoian, datorren maiatzaren 26ko udal hauteskundeetarako Usurbilgo EHBilduk osatu duen hautagaitza osoa. Etenik izan ez eta koalizioaren proiektuari segida emango dion 2019-23 legealdirako lan taldea.

Lanerako gogotsu egon eta “herri hau kudeatzen jarraitzeko talde prestua duzue honakoa: freskotasuna, aire berria, zabaltasuna, gaita- suna eta ilusioa uztartzen dituen ekipoa”, Agurtzane Solaberrieta Mesa alkategaiak nabarmentzen zuenez, “presorik eta iheslaririk gabeko eta bakean biziko den Euskal Herri aske, justuagoa, inklusiboagoa eta parekideagoa lortzeko”.

5 egitasmo nagusi
Herri-nortasunean, herri-eredu jasangarrian eta ongizartean oinarrituriko ehunetik gora proposamenekin osatu dute herri programa. Haietako bost proiektu nagusi plazaratu zituzten apirilaren 5eko ekitaldian: Santuenean abiatuko den inklusioa eta euskara ardatz izango dituen aniztasuna ikuspegi integralez kudeatzeko plangintza; Mugikortasun Planaren garapena; Emakumeon Etxearen sorrera; zaintza eta etxebizitza eredu berrien abiaraztea; eta auzo eta herri guztien Usurbil sendotzeko tresna eta antolaketa egokitzea.

Ekitaldia igandean
Ostegun gauerdi honetan abiatuko den apirilaren 28ko hauteskundeei begirako kanpainaren baitan, ekitaldia deitu du Usurbilgo EHBilduk iganderako (apirilak 14) 13:00ean Mikel Laboa plazan. Koalizioak Madrilgo Diputatuen Kongresurako aurkeztuko duen Gipuzkoako zerrendaburua usurbildarra dugu: Mertxe Aizpurua Arzallus Usurbilgo alkate ohia, datorren legealdirako EHBilduk hautatu duen alkategai Agurtzane Solaberrieta Mesarekin batera ekitaldia antolatu dute. Aipatu moduan apirilaren 14an 13:00etan Mikel Laboa plazan. 12:30etan abiatuko dute hitzordua barrikotearekin, pintxoak, musika...

"Igandean herriko bi hautagaiekin ekitaldia dugu herrian, Agurtzane Solaberrieta Mesa eta Mertxe Aizpurua Arzallusekin, Espainiako hauteskundeetako kanpaina hasi berritan. Eskain diezaiogun Mertxeri herrikideen goxotasuna, erronka berri honetan", luzatu dute gonbita EHBildutik.

EHBilduren udal hauteskundeetarako hautagaitza
Agurtzane Solaberrieta Mesa.
Beñat Larrañaga Urdanpilleta.
Lur Etxeberria.
Joxe Mari Iribar Zapirain.
Aroa Etxeburua Ugartemendia.
Luken Arkarazo.
Oxkar Santamaria Pikabea.
Itziar Basterrika Unanue. 
Ainhoa Arrozpide Landa.
Nerea Goizueta Garmendia.
Alazne Olaizola.
Ana Eizagirre Sagardia.
Xabier Arregi Iparragirre.
Fatimetu Hamadi.
Eugenio Noriega.
Ixi Navarro.