Guztia prest, gauerdian udaberriko lehen hauteskunde kanpainari ekiteko

Noaua Aldizkaria 2019ko api. 11a, 08:21

Udal langileek eseki dituzte alderdi politikoek haien mezuak islatu ahal izateko panelak herriko txoko desberdinetan. Gauerdian abiatuko da, bi astez luzatuko den udaberri honetako lehen hauteskunde kanpaina. 

Albiste honi atxikitako argazkiak ahaztezina duguna gogorarazten digu, abiatzera doala udaberri honetako lehen hauteskunde kanpaina. Ostegun gauerdian honetan emango zaio hasiera, apirilaren 28ko Espainiako Gorteak berritzeko hauteskunde kanpainari. 15 egunez luzatuko da, apirilaren 26ra arte. Hausnarketa egunaren biharamunean, apirilaren 28an izango dugu udaberriko honetako lehen bozketa eguna.

12 alderdi lehian
Gogoan izan, Espainiako Gorteetako hamabigarren legealdiak berea egin du. Erakundeok berritu eta datorren legealdira begirako hauteskundeak izango ditugu hilaren 28an.

12 alderdi politiko aurkeztu dira Gipuzkoatik Madrilgo Diputatuen Kongresua eta Senatua berritzeko deialdi honetara: EHBildu, EAJ, PSE-EE, PP, C ́s, Recortes Cero-GV, PCTE, Podemos-IU-Equo, PACMA, VOX, “Escaños en Blanco-Aulki Zuriak” eta PUM+J.

Sei diputatuek ordezkatuko dute Gipuzkoa Espainiako Kongresuan. Lau senatariek Senatuan. Kongresurako 12 hautagai zerrendetatik bat hautatu ahal izango da. Senatuaren kasuan, bozkatzeko modua aldiz ezberdina izan ohi da. Deialdira aurkeztutako 12 alderdietako hautagai bat, bi edo hiru aukeratu ahalko dira. Denak alderdi berekoak, edo desberdinetakoak.

Bozkatzeko tokiak
Apirilaren 28an, 9:00etan hasi eta 20:00ak arte irekiko dira hauteslekuak. Goizeko 8:00etarako egon beharko dute martxoaren 28ko udalbatzaren ezohiko osoko bilkuran egin zen mahaikideen zozketan hautaturiko 72 herritarrek. Guztira, 8 mahai egokituko dira guneotan: Kalezarreko Haur Eskolan, Zubietako Lanbide Eskolan (Zubietan bizi diren Usurbil aldeko usurbildarrentzat. Zubietako Donostia aldean bizi direnek Eskolan bozkatu beharko dute), Santuenea Auzo Elkartean, Aginagako Eskolan eta Udarregi Ikastolan. Ondo begiratu, etxean asteotan jasoko duzuen errolda txartelari, bertan adieraziko zaizue non bozkatzea dagokizuen.

Posta bidezko bozka
Apirilaren 28an bozkatzerik ez baduzue, lehenago, posta bidez eman ahalko duzue botoa. Hilaren 18ra arte eskatu ahalko duzue posta bidez bozkatzea Correoseko bulegoan. Hala eginez gero, beharrezko dokumentazioa apirilaren 18tik 21era jasoko duzue eta hilaren 24ra arteko epea izango duzue posta bidezko botoa eta dokumentazioa Correoseko bulegoan aurkezteko.

Hautagaiei elkarrizketak
Aurreko hauteskunde deialdietako irizpideari jarraiki, Usurbilgo Udalean ordezkaritza duten hiru alderdietako (EHBildu, EAJ, PSE) Espainiako Kongresurako Gipuzkoako hautagaiak elkarrizketatu ditugu aste honetako aldizkarian.