21. Korrika

14:24an sartuko da 21. Korrika Aginagako Mapiletik, 11 kilometroko bidea osatuko du hipodromoraino

Noaua Aldizkaria 2019ko api. 12a, 10:16

Usurbilek ere "Klika" egiteko eguna heldu zaigu! Gogoan izan, ostiral honetan (apirilak 12) sartuko da euskararen aldeko martxa 14:24 aldera Aginagako Mapiletik. Zubietako hipodromora arte Korrikak gure artean osatuko duen 11 kilometroko bidean lekukoa nork eta nondik nora eramango duen jakin nahi? Hemen xehetasunak, azken eguneraketekin.

Hasi Aginagako Mapilen eta Zubietako hipodromoraino 11 kilometroko bidea osatuko du 21. Korrikak udalerri honetan barrena. Ordubete pasatxoko tartean, 14:24-15:33 artean. Ziur une hunkigarri asko biziko dituztela bereziki lekukoa hartuko dutenek. Lekukoa nork zer ordutan hartuko duen eta nondik nora eraman beharko duen jakin nahi?  Hemen zerrenda osoa. Argi denez, herri eragile anitzek izango dute Gasteizeraino helduko den lekukoa eramateko ohorea.

Korrikak eskerrak eman nahi dizkiete lekukoa eramateko eta honenbestez, kilometroak erosiz Korrika laguntzeko prestasuna agertu duten eragile guztiei, baita Korrika Asteko hitzorduetan parte hartu eta lagundu duten guztiei ere.

11 kilometro
2034. km, 14:24:13 Mapilen: Gipuzkoako Eskola Txikiak.
2035. km, 14:30:13 Aginagako bus geltokian: Aginagako Jai Batzordea.
2036. km, 14:36:13 Lasao etxean: Elhuyar.
2037. km, 14:42:43 Usurbilgo Udala.
2038. km, 14:49:13 San Inazioko bus geltokian: EH Bildu. 
Pello arrandegian: Orbeldi D.T.

2039. km, 14:55:43 Pikaolan: NOAUA! Kultur Elkartea.
Kalezarretik Usurbila jaisteko aldaparen abiapuntua: Etumeta AEK euskaltegia.
Lurda mertzeria: Ta puntu kooperatiba.
2040. km, 15:02:13 Ingemar parean: Santueneko Jai Batzordea. 
Aialde Berri sagardotegia: Gure Esku Dago.
2041. km, 15:08:43 Amiri baserri aurretik: Udarregi Ikastola.
2042. km, 15:15:13 Etxetxo lorategi parean: Fagor Ederlan.
2043.km, 15:21:43 Lizarraga baserri ondoan: Zubietako Eskola. 
Zubietako autobus geltoki aurretik: Zubietako Herri Batzarra.
2044.km, 15:27:43 Araetako bihurgune ondoan: Lanbide Eskola.

Apirilak 12, ostirala: Korrika Eguna
14:24-15:33 21. Korrika Aginagako Mapiletik Zubietako hipodromoko zubiraino. Partaideei Euskaraldian erabilitako txapak soinean eramateko eskatu nahi diegu. Ibilbidea: Aginaga-Kaxkoa-Kalezar-Kaxkoa-Santuenea-Zubieta.
17:00 Txokolatada Dema plazan.
Ondoren, herriko gazteek Olinpiadak egingo dituzte.
19:30 BERTAN BEHERA geratu da "Iturri bati begira. Joxan Artzeren interpretazio bat": Jon Sarasuaren emanaldia. Sarrerak erosiak zenituztenok, Etumeta AEK euskaltegira joan eta dirua itzuliko zaizue. 

Antolatzailea: Korrika Batzordea.