Pentsiodunen aldarriak defendatzeko deia, larunbaterako Donostian deitu duten manifestazioan

Pentsiodunen plataformek mobilizazio eguna deitu dute larunbaterako (apirilak 13). Usurbildik gertuen, manifestazioa deitu dute 17:00etan Donostiako udaletxe ondotik. 

Ez da asteotarako antolatua dagoen mobilizazio bakarra izango. Usurbilgo hiru jubilatu elkarteek (Usurbilgo Gure Pakea, Santueneko Gure Elkartea eta Aginagako Arrate Elkartea) hileroko azken ostegunetako elkarretaratzea deitu dute, apirilaren 25ean 19:00etan Mikel Laboa plazan. 

Larunbateko manifestaziora begira, Hego Euskal Herriko Pentsiodunen Plataformakoen ondoko idatzia jaso du NOAUA!k:

Pentsiodunok erabaki ahal dugu
Hauteskunde aldiaren garaian sarturik gaude. Agerikoa da apirilaren 28an hauteskunde orokorretarako deia eginda dagoela, zeintzuetan pentsiodunen mobilizazioak garrantzitsuak izango diren.

Horrexegatik, gaur hemen bildu garen plataformok eta pertsonok inoiz baino irmoago eta inoiz baino konbentzituago esan nahi dugu gure aldarrikapenak lortu arte ez dugula etsiko, oraingo eta etorkizuneko pentsiodunak duintasunez bizi eta lanean ari gineneko lan-eskubideak ere errespetatuak izan arte. Alderdi guztiei eta gizarteari oro har gogorarazi nahi diegu, martxoaren 28an berretsi genituela gure aldarrikapenak eta honako hauek direla:
-Pentsioen Sistema Publikoa blindatzea pentsio duinak bermatzeko.
-Urrats esanguratsuak eman Europako Gutun Sozialarekiko konpromisoak betetzeko.
-Legez eta betirako bermatu gure urteroko eros-ahalmenak, KPIaren ordaina gutxienez.
-1.080 euroko gutxieneko pentsioa ezarri.
-Azpimarratu nahi dugu bai Euskadiko eta baita Nafarroako gobernuek eurena egin eta osa ditzatela gaurko pentsioak kopuru horretara hel daitezen.
-Lanbide arteko gutxieneko soldata: 1.200 eurokoa. Soldata duinik gabe, ez dago pentsio duinik.
-Prekarietatea areagotuko duten lan erreformak indargabetzea.
-2011ko eta 2013ko lan eta pentsio erreformen alde atzerakoiak indargabetu.
-Jasangarritasun faktorea betiko indargabetu.
-40 urte kotizatutako erretiro aurreratuari zigorrik ez.
-Genero arrazoiengatik gizonen eta emakumeen pentsioen artean dagoen arrakala desegiteko neurri eraginkorrak.
-Abantaila fiskalik ez, Pentsioen Plan Pribatu eta EPSV-entzat.

Bukatzeko, Hego Euskal Herriko pentsiodun guztiei eta herritarrei orokorrean dei egin nahi diegu, eta baita estatuko herritar guztiei ere, parte har dezatela manifestazioetan eta ekitaldietan, asteleheneroko elkarretaratzeetan, eta batez ere, apirilaren 13an gure lau herrialdeetako hiriburuetan, eta estatuko hainbat lekutan deitutako manifestazioetan.

Adierazpen hau hasi bezala bukatu nahi dugu: batak zein besteak gobernatu, pentsioak defendatu. Deialdi berezia egiten diogu gizarteari, apirilaren 13an, kalera irteteko. Donostian arratsaldeko 17:00etan Alderdi Ederren.

Hego Euskal Herriko Pentsiodunen Plataforma