Dantzarien plaza gaur Usurbil

Noaua Aldizkaria 2019ko api. 13a, 10:56

Inoizko Dantza Egun luzeenaren atarian gara. Orbeldi D.T.-koen eskutik 7. Dantza Egun betean murgilduko gara larunbatean. Berrikuntzekin aurten; helduenarekin batera, estreinazko dantzari gaztetxoen topaketa ospatuko dugu. Hilabeteotan Orbeldikoek ondu duten "Tipi Tapa Pub" herri ikuskizunaren estreinaldiaren ostean berriz, Larrian Gozokoekin erromeria goizaldera arte!

Dantzarien plaza izango dugu Usurbil larunbat honetan, Orbeldikoen eskutik. Helduena, baina baita aipatzekoa aurten, gaztetxoena ere. Estreinakoz Dantzari Txiki Topaketa antolatu baitute. Batetik, eraikitzen doazen Orbeldi eta beste dantza talde batzuen hartuemanak sendotzeko, baita dantzari gaztetxoen arteko hartuemanak ere, eta adin tarte honetan dauden dantzaera ezberdinak erakusteko ere.

Egunpasa borobila antolatu diete Orbeldikoek, etxekoei nahiz Usurbila bisitan datozen dantza talde gaztetxoei. Eguerdian Udarregi Ikastolan bilduko dituzte ezagutza joko batzuen bueltan, gero bisitariak herriko elkarte eta hainbat etxeetan bazkaltzeko aukera izango dute eta arratsaldean topaketa; argazkia, kalejira eta emanaldia frontoian. “Hau izan dadila abiapuntua baita hemengoa beste leku batzuetara eramateko”, Orbeldikoen esanetan.

Orbelditik iragarri digutenez, dantzari gaztetxoekin uda partean inguruotako festetan eskaintzen dituzten emanaldien ohiko eskema hautsiko du larunbateko topaketak. “Herri bakoitzean bere dantzak egiten dituzte. Gainera, adin tarte ezberdinetakoak nahasian ariko dira dantzan. Beste motibazio bat haientzat helduagoekin dantzan aritzea”. Etxeko dantzariei begira, Usurbilen duen dantzari harrobiaren erakusleiho ederra izango da topaketa.

Estreinako edizioa dute honakoa, ez aldiz helduetan. Helduen dantzari topaketa laugarren ediziora heldua baita. Esperientzia ezinhobea izan du Orbeldik topaketa honekin. “Ondo pasatzen dute. Elkar ezagutzeko ondo etortzen da”. Dantza egiteaz gain, Dantza Egunaz, Usurbilez gozatzeko baliatzen dute hitzordua bisitariek.

“Herri lan handia”
Hitzokin definitu diote NOAUA!ri Orbelditik, Dantza Eguneko une gorenena izan ohi den gaueko ikuskizunaren atzean dagoen lanketa. “Tipi Tapa Pub” izena du aurtengoak. Xehetasun handirik ezin dizuegu aurreratu, baina bai Ugaitz Agirrek zuzendu eta berak sortu duela emanaldiko istorioa. Iaz bezala, herriko dantzariekin batera, bertako musikari eta antzezleak batuko dituela hitzorduak. Eta Orbelditik beste pista bat ere eman digute. “Dantza Eguneko ikuskizunari keinu bat egin genion aspaldi!”, oroitarazi digute.

Goizaldera arte festa
Eta adi emanaldi osteari, herri ikuskizuna amaitzearekin ez baitira bukatuko ospakizunak. Aurten estreinakoz, dantza giroa goizaldera arte izango dugu Larrian Gozo herriko erromeria taldekoekin. “Dantza taldetik pena ematen zigun ikuskizuna amaitu eta ezer ez egoteak. Aurreko edizioetan dantza gidatuen saioa genuenez, pena ematen zigun erromeria giro hau egitarautik kentzeak”, eta aurten, gauerditik aurrera aurkitu diote lekua. “Ikuskizuna bukatu eta berehala hasiko da Larrian Gozo. Jendea bertan geratzea espero dugu”, hortxe beraz Orbeldikoen gonbita. Dantzarien ikuskizuna amaitu bezain laster ez mugitu frontoitik, dantza giroa goizaldera arte izango baita!