[IRUDITAN] "Tipi Tapa Pub" txalotuak borobildu zuen 7. Dantza Eguna

Parte hartze aldetik arrakastatsua suertatu zen 7. Dantza Egunak amaiera ezin borobilago eta bikainagoa izan zuen beste behin, azken hilabeteotan 60-70 bat lagun lanean jarri dituen "Tipi Tapa Pub" ikuskizunaren estreinaldiarekin.

Herritik sortu eta herriari eskaintzen zaion urteko ikuskizun nagusia da zalantzarik gabe. Zazpigarren honek ere publikoa bereganatu zuen. Gogotik txalotu zuen Usurbilgo herriak, Orbeldi D.T.-k herriko musikari eta antzezleekin batera, azken hilabeteotan ondu eta larunbateko 7. Dantza Eguna borobiltzeko estreinatu zuen "Tipi Tapa Pub" ikuskizuna. Irudiotan bildu genuen.

"Milesker plaza betetzeagatik. Plazer bat urtetik urtera, jada zazpigarrenez plaza hau betea ikustea", zioen emanaldi amaieran, Orbeldiko kide Aitor Agirrek. Dantza Egunean parte hartu eta egunaz gozatzera joandako guztiak eskertu zituzten, baita hitzordu guztiak behar bezala ospatzeko laguntza eskaini zutenei ere; danzare, antzezle eta musikariei; herri bazkaria sukaldatzen aritu zirenei; dantzari gaztetxoen topaketetako haurrak etxean bazkaltzen hartu zituztenei; udal langileei... "Eskerrik asko denon parte hartzeagatik, eskerri asko egun handi honetan gurekin izateagatik".

Ugaitz Agirrek ere hitza hartu zuen ikuskizunaren amaieran. Berak sortu du "Tipi Tapa Pub" emanaldiko istorioa. Baina eskerrak izan zituen istorio hau plazaratzen ahalbidetu zuten guztiei. Hurrengo urteko 8. Dantza Egunerako hitzartu zuen herria.