Usurbil K.E.-ko jubenil mutilek Espainiako Sektorea jokatu dute

Noaua Aldizkaria 2019ko api. 16a, 08:00

Jon Aizpurua eta Xabat Belokiren taldea Madrilen izan da asteburuan. Euskadiko txapeldunek Espainiako Sektorea jokatu dute.

Euskadiko txapeldunak ditugun Usurbil K.E.-ko jubenil mutilak Espainiako Sektorean lehiatzen izan dira asteburuan Madrilen. Bidelagun izan dituzte eskubaloi klubetik helarazitako ondoko argazkian ikus dezakezuenez, jokalariekin joandako lagun, senide eta zaletuak.

Pozik, gozatu eta duten onena ematera joan ziren, sei urteotan jorratu duten ibilbidea merezi bezala borobiltzera. “Guretzat sari potoloa da. Sei urteko ibilbidea ezinhobeto borobiltzeko modua”, adierazi dio NOAUA!ri Xabat Beloki entrenatzaileak. Lehen urtea du zeregin honetan Xabatek, alboan du hasieratik gaur arte, taldeak sei urteotan bidelagun izandako prestatzailea, Jon Aizpurua. Infantilen mailako lehen urtean hasi zen, orduan 11 urte zituzten gaztetxoak entrenatzen. Bide gozo askoa jorratu dute ordutik. “Euskadiko bi txapelketa jokatu ditugu. Iaz Gipuzkoako Kopako txapeldun izan ginen”, oroitarazi digu Jonek.

Garaipen hari, martxoaren 22ko asteburuan etxean jokatu eta irabazitako Euskadiko Txapelketa batu behar zaio. “Oso pozgarria izan zen Oiardo Kiroldegia hala ikustea, ez nuen sekula hala ikusi. Bizi osoan oroituko dugu”, adierazi digu Aizpuruak.

Irabaztera 
Euskadiko txapelketako lau taldeak igaro dira Espainiako Sektorea jokatzera. Jubenil mutilek bigarrenez parte hartu dute halako hitzordu batean. Talde sendoa dute. “Animikoki oso goian gara. Jubenilen bigarren urteko jokalari asko ditugu”, dio. Lehen urtekoak ikasteko kadeteen laguntza ere badute, hitz gutxitan harrobia. Argi diote; taldetik nabarmendu dutenez, “harrobi onena duen” kluba da Usurbil K.E.

Kasu honetan, jubenilena jokalari talde bat baino lagun koadrila da. “Txikitatik batera hazitakoak”, Xabatek gogorarazi digunez eta bere esanetan, “denboraldia hala bukatzea ikaragarria izango da”.

Madrileko bidaiaren ostean, usurbildarrek Gipuzkoako Kopa izango dute jokoan. Badute ordea aurrera begirako beste erronkarik, jubenil mutilen taldea, hurrengo 2019-20 denboraldian seniorren taldera igarotzea.

Eskertza
Asteburuan Madrileko joan etorrian senide eta lagunen babesa izan dute Usurbil K.E.-ko jubenil mutilek. Aipatzekoa gurasoen ilusio eta gogoa. Bereziki, bi kide goraipatu eta emandako laguntzagatik eskertu nahi dituzte; Jaione eta Txitxo.

Emaitzak:
SAFA 32-25 Usurbil K.E.
Club Cisne Balonmano Colegio Los Sauces 25-27 Usurbil K.E.
Usurbil K.E. 29-30 Dominicos Zaragoza

Irudiak: Usurbil K.E.