Gazte Topagune berezi eta ahaztezinerako gonbita Ernaitik

Gazte Topagune berezi eta ahaztezinerako gonbita Ernaitik

Intxortara eginiko irteeratik bueltan, Usurbilgo Ernaik martxoaren 30ean ospaturiko Bulkada Egunean, apirilaren 19tik 22ra Lemoan (Bizkaia) ospatuko den Gazte Topagunea aurkeztu zuten, herriko musikariek girotu zuten ekitaldian.

Topagune berezia izango da, gazte antolakundearen 40. urtemugakoa. “Ia 40 urte antolakuntza eta borrokari ekin geniola eta hemen gaude, bizirik eta indartsu”, zioten Ernaiko kideek. Orain arteko bideari jarraitu asmo diotela adierazi zuten. “40 urteetako lekukoa hartu eta bulkada berriok ere independentzia, sozialismoa eta feminismoa lortu arte lanean jarraituko dugu”.

Inoizko topagune berezi eta ahaztezinera joateko gonbita luzatu zuten. 3 egunetarako 70 euroko bonoak Hernaniko Garinen dituzue salgai, eguneko 25 euroko sarrerak Interneten. 

Lemoara joateko eskualde mailako autobusa antolatzekoak dira.

Rukula
Gazte Topagunean denetariko ekitaldiak iragarri dituzte astebete barrurako. Tartean, musika eskaintza zabala. Usurbil-Lasarteko musika talde baten kontzertua esaterako, apirilaren 20an, 13:30etan Lemoan; Rukulakoena, Martxel Arkarazo (baxua), Jon Agiriano (gitarra), Oihan Agirretxe (bateria) eta Aitor Pagolarekin (gitarra). Informazio gehiago hemen: gaztetopagunea.eus