Ingemarreko langileak kaleratzeko akordioa adostu dute Galizako zuzendaritzak eta langileen batzordeak

Noaua Aldizkaria 2019ko api. 24a, 12:13

Usurbilgo plantan lanean ari diren 37 langileetatik 31 kaleratzeko akordioa adostu dute Galizako plantako zuzendaritzak eta langileen batzordeak. Enpresak berak martxoan aurkezturiko enplegu-erregulazio espedientea gauzatu du honenbestez. Gogoan izan, martxoaren 12az geroztik greba mugagabean direla Ingemarreko langileak.

Ingemarreko 31 langile kaleratzea erabaki dute, non eta Galizan. Bertako zuzendaritzak eta Usurbilen ordezkaritzarik ez duen langileen batzordeak (UGT-ko 3 ordezkari eta CIGeko 2), udalerri honetako lantegiko 37 langileetatik 31 kaleratzeko akordioa sinatu dute. 

Akordio honekin, martxoan Usurbilgo langileei aurkeztu zitzaien enplegu-erregulazio espedientea gauzatu dute. Espediente honen aurka, kaleratzeen eta Usurbilgo lantegia ixtearen aurka martxoaren 12az geroztik greba mugagabean dira langileak. Lantegi atarian duten etxetxoaren bueltan biltzen dira, 8:00-18:00 artean.

Azken lan gatazka, 2017an
2009an hasi zuten lanpostuen alde eta Usurbilgo lantegia irekia mantentzeko borroka. Bide luze eta gogorra jorratu dute ordutik Ingemarreko langileek. Hamarkada luze bateko borroka Ingemar ez ixteko. 2017an izan genuen azkenekoz langileon berri. Urte hartan, Ingemar Taldeko zuzendaritzak Usurbilgo plantako lan talde osoarentzat, hau da 72 langilerentzat kontratu amaierako EEE (Enplegua Erregulatzeko Espedientea) aurkeztu zuen ekainaren 2an Lugon (Galiza). Arbitrarioa zela salatu zuten. Urte hasieratik hartzekodunen lehiaketan zeuden Usurbilgo lantegia, baita Ingemarga eta Corporacion Ingemar. 


Urte hartako irailean akordioa erdietsi zuten. Enpresako zuzendaritzak Usurbilgo lantegia ez ixtea lortu zuten, nahiz lanpostu kopurua erdira, 34ra jaitsi zuten. "Akordioaren arabera plantillako erdiari baja pizgarridunak, ez-traumatikoak, emango zaizkio (30 egun lan egindako urte bakoitzeko), eta pertsonaleko gainerakoentzat, lan-baldintzak aldatu gabe, industria-proiektu bat geratuko da, makinerian eta produktuan egin beharreko inbertsioak zehazturik utzita", berri eman zuen orduan ELA sindikatuak. 

Akordioak bi helburu zituen aipatu sindikatuaren esanetan, "industria-proiektu bat finkatzea eta kaleratze traumatikorik ez gertatzea". Urrats berri hau eman den arren, hemen ez da amaitzen orain arte bideratu duten borroka. "Usurbilen enplegu gehiago sortzeko industria-proiektu baten aldeko borroka ez da bukatu", ohartarazi zuten ELA-tik.