ELA, Ingemarreko egoeraren aurrean: "EEE hori indargabetu dezaten lan egingo dugu"

ELA sindikatuak gogor salatu du ohar bidez, Ingemarreko langile ia denak kaleratzeko Galizako zuzendaritzak eta langileen batzordeak hartutako erabakia. Langileei elkartasuna adierazteaz gain, eta lantegiak etorkizuna baduela ziur izanik, enplegu-erregulazio espedientea indargabetzeko lanean segiko dutela iragarri du aipatu sindikatuak.

"Zuzendaritzak bere xedea gauzatu" duela salatu du ELA sindikatuak ohar bidez. Oso larritzat jotzen dute, Usurbilgo Ingemarreko 37 langileetatik 31 kaleratzeko Galizako zuzendaritzak eta langileen batzordeak hartu duten erabakia. Langileen batzordea UGTko 3 ordezkariz eta CIGeko beste bi ordezkariz osatua dago. "UGTk, zuzendaritzarekin batera, Usurbilgo langileen kaleratzea bultzatu du; zoritxarrez, CIGeko ordezkariek ere sinatu egin dute akordioa. Hau deitoragarria da, Usurbilen ordezkaritzarik ez duten bi sindikatu horiek erabaki baitute Gipuzkoako langileak lanik gabe uztea", diote ELA sindikatutik. 

Onartezina dela diote Ingemarreko zuzendaritzaren jarrera. "Kudeatzaile hauek ez dute eskrupulurik, eta beren jokabideak jazarpen penala merezi du. ELAren ustez, Eusko Jaurlaritzako industria saila saiatu egin beharko litzateke langileekin batera enpresaren praktika hauek jazartzen, baita Usurbilgo lantegiaren etorkizuna bermatzen", diote ELAtik.

Era berean, ELAk salatu duenez, "enpresak baldintza jarri duela kaleratzeagatik jaso beharreko kalteordaina kitatzeko: langileek hitz eman behar dute ez dutela auzibidera joko. Xantaia hau ere inoiz ikusi gabeak ginen".

Egoera honen aurrean, Usurbilgo langileekiko zenbait konpromiso iragarri ditu sindikatuak. Batetik, langileak babestea, "ziur gaude lantegiak etorkizuna baduela". Eta horren alde borrokatuko dute, zuzendaritzak martxoan aurkezturiko enplegu-erregulazio espedientea indargabetzeko lanean segitzearekin batera. "Negoziazioan zehar bost txosten tekniko egin ditugu, eta hauen arabera iruzurra eta fede txarra nagusi izan dira prozesuan", salatu du ELAk.

Testuingnuru honetan Madrilgo Lan Ikuskaritzarekin bildu izan direla dio ELAk. Horrekin batera, "EAEko Gobernu Azpiordezkaritzari eskatuko diogu Gipuzkoako Ikuskaritzaren lankidetza galdegin dezan".

Martxoaren 15ean Donostiako ELAren egoitzan egin zuten agerraldian, ondoko adierazpena plazaratu zuen Langileen Batzordeak:

LANGILEEN AGERRALDIKO ADIERAZPENA
Ingemar S.A. (Usurbil) eta Ingemarga, S.A. (Lugo), Grupo Ingemar S.A.ren barruan zeuden, baina 2018. urte amaieran bat egite prozesu batean murgildu ziren, eta hortik Grupo Ingemar S.L. atera zen. Bide batez, enpresaren egoitza Gipuzkoatik Galizara eraman zuten. Zuzendaritza berriak, 2009. urtetik aurrera, berregituratzeari ekin zion eta apurka-apurka, Ingemar S.A. (Usurbil) lantegia deskapitalizatuz joan da, ekoizpena deslokalizatuz eta langileak kaleratuz.

Halare, 2017. urte hasieran Zuzendaritza zaharrak hartzekodunen lehiaketa aurkeztu zuen, eta hortik hartzekodunen ituna atera zen 2017ko azaroan. Gero, 2018an taldearen aktibo guztiak bat egitea proposatu zen, eta 2019ko urtarrilean Usurbilgo lantegirako bideragarritasun-plan bat aurkeztu zen. Aipatu beharrekoa da taldearen aktiboak, bategitearen aurretik, 48 milioi eurotan balioetsita zeudela; eta bategitearen ondotik 29 milioi eurotan.

Grupo Ingemar S.L.-ko zuzendaritzak, 2017. urte erdialdetik gehienbat zera proposatu du: "azkentze-EEE bat 47 langilerentzat; horietatik 31 Usurbilgoak dira, 6 Lugokoak eta 10 Espainiako Estatuan sakabanaturik dauden 5 biltegietakoak". Pantaila sozietate baten bidez, 300.000 euroko kapita-gehikuntza egin zuen 2017ko martxoan "anonimatutik", zeren Grupo Ingemar S.L. zuzeneko lehiakideak baitira bezero nagusiekiko, Grupo Ingemar, S.L.ren jabetza eta kontrola eskuratzeko lehian.

Gogoratu beharrekoa da talde horrek, hartzekodunen lehiaketatik atera zenean, hartzekodunen itun bat sinatu zuela, eta hemendik hilabete gutxi batzuetara sinaturiko zorrari aurre egin beharko diola. Hori horrela, hartzekodunek beren buruari egin beharko lioketen galdera zera da: nola egingo diote aurre zorrari, balio erantsirik handieneko produktua egiten duen lantegia ixten badute?

ELA sindikatuan uste dugu erregulazio-espediente horren helburu bakarra Usurbilgo langile guztiak kaleratzea dela, eta lantegia ixtea. Baina lantegi horrek oso aktibo desiragarriak dituenez (4 milioi euro), zuzendaritzak gatazka uxatu nahi du Usurbildik, Estatuko gainerako lantegiak erabiliz, kaleratzeak errazteko, eta gatazka Gipuzkoatik urruntzeko.

Langileen ordezkariak