NOAUA! Espainiako Gorteetako ordezkariak aukeratu behar dira apirilaren 28ko hauteskundeetan. Zuen alderdiak ordezkaririk lortzen badu, zeintzuk izango dira defendatu eta bultzatuko dituen egitasmo nagusiak?
Mertxe Aizpurua Arzallus: Hauteskunde hauek oso testuinguru berezi batean datoz. Estatu espainiarra egiturazko krisi larri batean murgilduta baitago. Krisi horren aurrean, Estatuko botere faktikoek eta hiru eskuinek (PP-Cs-Vox) demokraziaren aurkako inboluzio bat abian jartzea erabaki dute. Beraien programa argia da: eskubide nazionalak ukatzea (gure autogobernu txikia kolokan dago), eskubide sozialen murrizketak (nagusiki emakume eta etorkinei kalte eginez) eta lan-eskubideen murrizketak. Hainbat belaunaldiren borroka eta esfortzuari esker irabazitako eskubideak kolokan daudela esan dezakegu.
Espainiako eskuinek inposatu nahi diguten inboluzio antidemokratikoari aurre egiteko ahaleginean amore ez emateko eta beste zenbait indar politikok (PSOE) ezarri nahi luketen “status quoa” baldintzatzeko. Azken horien helburua, eskubide ekonomiko eta sozialetan atzera ez egitea izango litzateke, baina estatu espainiarrak behar duen demokratizazioan inolako aurrerapenik egin gabe. Honen aurrean, lan ildo nagusi batzuk aurrera eramango ditugu: autodeterminazio-eskubidea, preso politiko, errefuxiatu eta deportatuak etxeratzea, austerizidio eta murrizketa politikei amaiera ematea, eta atzerapauso bat ere ez onartzea berdintasun-politiketan eta emakumeen eskubideen murrizketetan. Euskal Herriaren interesak defendatuko direnaren berme nagusia izango da EHBildu Madrilgo Kongresuan. Gainera, hau guztia aurrera eramateko Estatuko ezker soberanista eta aurrerakoiekin garrantzia handiko akordio estrategiko bat lortu dugu, jauzi kualitatibo handi bat suposatzen duena. Lehen aldiz, Estatuan elkarrekin bizi diren herrietako ezkerreko subiranistek indarrak batuko dituzte elkarlanean aritzeko, eta, ildo horretan, alderdien logika urratuko dugu, gure herrietako interesak hobeto ordezkatzeko.
Zer nolako balantzea egin dezakezue amaitu berri den legealdiaz, eta zer nolako aurreikuspena hauteskunde ostean datorrenaz?
Amaitu den legealdi honetako fruituak jasotzen ari gara jada. Lan horren ondorioz, ezkerreko subiranisten arteko gutxienekoen akordioa eta oinarri politikoak adostu ditugu.
Hauteskundeen emaitzei begira, ziur gaude babesa jasoko dugula. Estatu espainiarretik datorren erasoaren aurrean, EHBildu funtsezkoa izango delako goranzko joera hartu duen frankismoak boterera iristeko aukerarik izan ez dezan. Baina berdin jarraitzeko ezer ere ez aldatzea nahiko lukeen gobernu bat ere baldintzatuko dugu.
EH Bildu izango da euskal agenda soziala Madrilgo Espainiako Kongresura eta Senatura eraman eta bertan aldarrikatuko duen indarra. Orain arte alderdi politiko bakoitzak bere interesak baino ez zituen defendatzen Madrilen, baina ziklo hori amaitu da. Madrilgo kromo-aldaketen garaia bukatu da.
Ezkerreko subiranistok elkarlanean jardungo dugu Madrilen, ondo koordinatuta, jendearen bizi-baldintzak duin bihurtzeko helburuarekin, eta horretarako ezinbestekoa da pentsioak hobetzea, lan-baldintza duinak hobetzea, etxebizitza duin bat eskuratzeko baldintza batzuk bermatzea, Mozal Legea eta oinarrizko eskubideen beste urraketa guztiak desagerraraztea, emakumeek pairatzen duten soldata-aldeari amaiera ematea, gerratik eta gosetik ihesi gure herrietara iristen direnei tratu duin eta humanitario bat ematea.
Hau da, pertsonek duintasunez bizi daitezen benetako beharrak asetzea suposatzen duen guztiaren alde egingo dugu.