NOAUA! Espainiako Gorteetako ordezkariak aukeratu behar dira apirilaren 28ko hauteskundeetan. Zuen alderdiak ordezkaririk lortzen badu, zeintzuk izango dira defendatu eta bultzatuko dituen egitasmo nagusiak?
Joseba Agirretxea Urresti: Gure alderdiak (EAJ-PNV), betidanik argi izan du Euskadiren beharrak jokoan zeuden leku orotan egon beharra zeukala, eta zoritxarrez oraindik orain, Estatuaren esku daudenez euskal herritarrongan eragin zuzena duten hainbat eta hainbat eskumen eta eginkizun, egon beharra daukagu Madrileko gorteetan. Hori horrela izanik, guk bi ildo nagusitan ekingo diogu gure erantzukizunari; daukaguna defendatu, ez diezagula inork gure autogobernua ukitu eta atzera eraman; eta dagokiguna aldarrikatu eta betetzea exijitu. Bi lerro nagusi horien baitan ekingo diogu lanari, bai gure autogobernurako lortzeke ditugun eskumen eta transferentzien eskakizunean (gizarte-segurantza, pentsioak, kartzela politika, azpiegiturak...) eta baita alor sozial zein politikoan gizartearentzat aurrerakoi eta onuragarriak diren legeak onartuz eta dagozkion konpromezuak gobernuari betearazten. Horregatik, euskal gizarteari gugan konfidantza jar dezan hamar arrazoi aurkezten dizkiogu:
-Gure autogobernua eta gure Ekonomia Ituna defendatuko ditugu olatu zentralizatzaileari aurre eginez.
-Askatasunak eta Giza Eskubideak defendatuko ditugu Sekretu Ofizialen legea, “Mozal” legea eta asilo eta babes politika aldatzeko.
-Gizarte politikak bultzatuko ditugu, Euskadin egiten dugun bezala, gizarte kohesioa bermatu eta desberdintasun egoerak ekiditeko.
-Emakume eta gizonen arteko benetako berdintasuna bultzatuko dugu emakumeek jasaten duten indarkeria matxistaren kontrako neurriekin. Emakumeen eta gizonen arteko soldata desoreka desagertaratzeko lan egingo dugu, baita erabaki esparruetan emakumeen presentzia eta parte-hartzea areagotzeko ere.
-Pentsio duin eta bidezkoak defendatuko ditugu, pentsio guztiak KPIaren arabera igotzea eta alargunen pentsioak nabarmen hobetzea lortu dugun bezala. Era berean, pentsio sistema bermatu ahal izateko, Euskaditik bertatik kudeatu ahal izatea aldarrikatuko dugu.
-Klimaren aldaketaren erronkari helduko diogu, energiaren iraunkortasuna bultzatuko dugu.
-Euskal azpiegituren inguruan hitz-eman diren akordioak betetzea exijituko dugu, besteak beste, AHT eta aireportuak.
-Industriaren eta berrikuntzaren aldeko apustu irmo eta erabakigarria egingo dugu, ekonomiaren oinarri baitira.
-Ekonomiaren eta aurrekontuen egonkortasuna ahalbidetzeko lana egingo dugu, hazkunde ekonomiko eta sozial batera bermatzeko.
-Madrilen euskal talde indartsua izan behar dugu, negoziazio eta elkarrizketa bidez Euskadirentzat onuragarri diren akordioak lortu ahal izateko...
Zer nolako balantzea egin dezakezue amaitu berri den legealdiaz, eta zer nolako aurreikuspena hauteskunde ostean datorrenaz?
Legealdi hau nahiko berezia izan da. Hasteko, sei hilabeteko legealdi jaio-gabe baten ondorio da, eta hiru urtetara bakarrik iritsi den honek bi kolore ezberdinetako bi gobernu izan ditu; PPrena lehenik, eta zentsura-mozioaren ondoren, PSOErena. Tartean, Kataluniako egoera bere osotasunean. Horrek asko baldintzatu eta mugatu baitu batzuen politika egiteko modua. Baina legealdi honetan EAJk Madrilen duen garrantzia erakutsi dugu. Politikagintzaren eragile nagusia izan gara eta erabaki garrantzitsu guztiak gure botoen galbahetik pasa dira. Hala lortu dugu Ekonomi Ituna eta kupoa bermatzea, pentsioak igotzea, AHT-rako inbertsioak egitea eta bukaera zehaztea eta abar. Hori guztia horrela, hurrengo legealdia ere oso garrantzitsua izango da eta euskal herritarrok asko izango dugu jokoan. Datorrena datorrela, guk irmo jarraituko dugu gurea defendatzen, erabakiorrak izaten, eta gizartearen konfiantzak ematen digun indarrarekin, desafio eta erronka berriei irmo erantzuten.