#A28 PSE-EE: "Gehiengo zabal bat behar dugu, eskuineko hiru alderdi atzerakoien aurrean tinko agertzeko"

Noaua Aldizkaria 2019ko api. 26a, 09:36

Espainiako Kongresurako PSE-EE alderdiko Gipuzkoako zerrendako bigarren hautagaia izango da Maria Luisa Garcia Gurrutxaga.

Igandean (apirilak 28) ospatuko dira Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Aurreko hauteskunde deialdietako irizpideari jarraiki, Usurbilgo Udalean ordezkaritza duten hiru alderdietako (EHBildu, EAJ, PSE) Espainiako Kongresurako Gipuzkoako hautagaiak elkarrizketatu ditu NOAUA!k. Lerrootan, Espainiako Kongresurako PSE-EE alderdiaren Gipuzkoako zerrendako bigarren hautagai Maria Luisa Garcia Gurrutxagaren adierazpenak.

NOAUA! Espainiako Gorteetako ordezkariak aukeratu behar dira apirilaren 28ko hauteskundeetan. Zuen alderdiak ordezkaririk lortzen badu, zeintzuk izango dira defendatu eta bultzatuko dituen egitasmo nagusiak?
Maria Luisa Garcia Gurrutxaga: 
Euskal sozialistak, eta noski Gipuzkoakoak garbi dugu bizitzen ari garen une politiko honetan, apirilaren 28ko hauteskundeek duten garrantzia. Hauteskunde hauetan ez dago bakarrik jokoan, datorren legealdirako gehiengo aurrerakoi edo eskuindar atzerakoien gehiengo baten eraketa. Apirilaren 28ko emaitzen baitan ere gizarteak lortutako zenbait aldarrikapen, hobekuntza eta eskubideak arriskuan daudela garbi dugu. Beraz, ez dira edozein hauteskunde. Vox-en agerpena eta Gobernu sozialista eta aurrerakoia kanporatzeko PPk eta Ciudadanosek adosturiko akordioak erakusten du, mehatxua benetakoa dela eta badagoela arriskua Gobernu eta presidente atzerakoia, matxista, homofoboa eta xenofoboa izatekoa. Beraz, benetako boto erabilgarria esaten dena Alderdi Sozialistan datza, baita Euskadin ere.

Guk jada jakitera eman dugu zein izango den gure agenda hurrengo legealdirako. Ez “euskal agenda” edo “espainiar agenda” beste batzuk aldarrikatzen duten bezala, hiritarren agenda baizik, euskal hiritarrena barne. Agenda horrek ehun eta hamar neurri edota proposamen jasotzen ditu: hezkuntza, zientzia, ikerketa eta berrikuntza teknologikoa, ekonomia, gizarte ongizatea, kultura, trantsizio ekologikoa, feminismoa eta berdintasuna, eskubideak eta libertateak, lan duina, pentsioak eta gehiago. Beraz, guk ez dugu asistentzialismoan sinisten eskubiko alderdiek bezala, baita hemengoak ere, guk eskubideeetan sinisten dugu; hiritar, pertsona guztiok lortu ditugun eskubideak indartu eta gizarte berrian agertzen ari diren erronka berriak direla eta garapen berriak sustatzean. Horretarako itunak behar ditugu, akordioak eta horiek desberdinen artean garatzen dira. Euskadi mailan ere PSE-EEk beti erakutsi du akordioetara heltzeko bokazioa udaletxeetan, Foru Aldundietan eta Eusko Jaurlaritzan ere, gure herriari kohesioa emateko eta gure erakundeak eta zerbitzu publikoak sustatzeko, beti ere gure gizartean dagoen aniztasuna aitortuz eta aldarrikatuz. Une politiko honetan, eta bilakaera hau oso kezkagarria deritzogu, akordioak eta itunak berdinen artean eman dira, hiru eskubiena Andaluzian adibidez eta horrek polarizazioa eta muturreko jarrerak besterik ez dakar.

Galdera honekin amaitzeko, balore demokratikoak, gertatutakoaren memorian oinarritzen den bizikidetza eta Euskadi mailan gure autogobernua ere kolokan daudela azpimarratu nahi dut, eta bestalde, azken mendeko historian zehar sozialistok erakutsi dugun elkarrizketarako, deszentralizaziorako, aurrerapen sozialak garatzeko eta irmotasun demokratikoa jarri nahi dugu hiritarren zerbitzura.

Zer nolako balantzea egin dezakezue amaitu berri den legealdiaz, eta zer nolako aurreikuspena datorrenaz?
Amaitzear dagoen legealdia, oraindik ez baita bukatu, bi zati desberdin izan ditu: lehenengo bi urteak Mariano Rajoy eta PP-ren gobernu ez eraginkorra, ustelkeriaz beterikoa sufritu dugu. Urte horietan Espainiak zituen arazo guztiak okerragotu ziren, eta zer esanik ez, gure Europako eta munduko irudia ere asko kaltetu zuen.

Krisialditik ateratzen edo atera ginela zioen gobernuak, baina inoiz ez zuen esaten desberdintasunak eta prekarietatea zirela ateratze modu horren ordainketa. Euskadiri begira ere, gure funtsezko egiturak sendotzeko proiektuak, adibidez AHT-ari diru mordoa kendu zioten batzuen isiltasunarekin. Horren guztiaren ondorioz, gure balantzea oso ezkorra da. Legealdiaren bigarren zatia, orain bukatzear dagoena, eta nahiz eta gutxiengoan egon, Pedro Sanchezen eta Alderdi Sozialistaren gobernuak urte eskas batean legealdiaren hasierako urteetan baino neurri eta garapen gehiago burutu dituela esan beharra dago, eta gainera, zeharkako akordioa eta itun baten ondorioa dela zentsura-mozioa eta hau balorean jarri behar da, desberdinen artean eta guztion onerako akordioetara iristeko dugun ahalmena aitortuz. Oraingo honetan gehiengo zabal bat eskatzen dugu, denok behar dugu, eskuineko hiru alderdi atzerakoi eta zentralisten aurrean tinko agertzeko.