Gogoan izan, jalean behar luketen arren, Usurbildik 600 kilometrora, Valentziako Picassenteko espetxean segitzen dutela preso Olatz Lasagabasterrek, Patxi Urangak eta haien bi urteko haur Xuak. Espetxe zigorraren hiru laurdenak beteta aipatu moduan Usurbilen behar lukete jada. Irteera data ordea 2021eko ekainerako dute finkatua. Aurtengo ekainean 10 urte beteko dituzte espetxean. Urtarrilean bestalde, Xuak hiru urte betetzean espetxetik irten eta gurasoengandik urrundu beharko du.
Aipatu moduan, USurbilgo nahiz gainerako euskal presoen eskubideen alde deitu du Usurbilen Nahi DItugu bilguneak hileroko elkarretaratzea gaurko (apirilak 26) 20:00etan Mikel Laboa plazan. Duela hilabetekoa berezia izan zen, aipatu bilguneak antolaturiko ekimen astearen baitan egin zen. Orduko hartan, Aitzol Iriondo Frantziako Moulinseko espetxean bakarrik dagoen euskal preso lasartearraren egoera plazaratu zuten, Usurbilen dituen lagunen ahotik:
Aitzol Lasartearra izan arren, gaztetatik izan du harreman estua Usurbilekin. Horren lekuko, hainbat usurbildar joaten gatzaizkiola bisitan. Izan ere, Aitzolek lagun kuadrila hemengoa du. Institutu garaian, ikaskide usurbildar batzuekin harremana hartu eta lagun kuadrila berean bukatu zuen. Beste herritar batzuei aldiz, Txiribogan lan egin zueneko garai hartatik izango zaizue ezagunagoa agian.
Bertara bisitan goazenontzat bidaia txarragoa den arren, aurretik Parisen ezagututako espetxeen aldean bisitetarako denbora eta baldintza onak dira. Bisita luzeak eta kristalik gabeak izanik, gauza askotarako ematen du eta kartzela sisteman hain zaila den elkarrizketa sakonak eta intimoak luze izateko aukera izaten dugu, baita jolas eta kantuan aritzeko ere tarteka. Bisitetako baldintzak nahiko duinak izan arren, kartzelako egunerokoa nahiko gogorra da segurtasun altuko espetxe hauetan. Iritsi berritan eguneroko gogor hau, bertan zeuden kideekin partekatzeak egoera hau errazago eramaten laguntzen zion. Baina azken urte honetan, Frantziako beste euskal preso politiko askorekin egin moduan, bere bi kideak Mont de Marsans eta Lannemezan-eko espetxeetara gerturatu zituzten.
Orduz geroztik Aitzol bakarrik dago. Frantziako gobernuak, hala eskatu zuten euskal preso gehienak (gizonezkoak, emakumeekin egoera bestelakoa baita) Mont de Marsans eta Lannemezan-eko espetxeetara gerturatu zituzten baina iazko abenduan komunikabideetan salatu zuen moduan, 3 presorekin blokeo egoerak jarraitzen du gaur egun. Tartean dago gure Aitzol. Beraz badira jada hilabete batzuk bakarrik dela espetxe hartan. ……