Bi egun baino ez apirilaren 28ko Espainiako Gorteak berritzeko hauteskundeetarako. Igandeko bozketa egunerako jakin beharrekoak bildu ditugu lerrootan. Lehenbizi gogoan izan, hauteskundeok zertarako deitu dituzten; Espainiako Gorteak berritzeko; Madrilgo Diputatuen Kongresua eta Senatua.
Usurbildarrek Gipuzkoatik bi erakundeotarako aurkeztu diren hautagai zerrendak bozkatu ahalko dituzte. 12 alderdi politiko aurkeztu dira Gipuzkoatik Madrilgo Diputatuen Kongresua eta Senatua berritzeko deialdi honetara: EHBildu, EAJ, PSE-EE, PP, C ́s, Recortes Cero-GV, PCTE, Podemos-IU-Equo, PACMA, VOX, “Escaños en Blanco-Aulki Zuriak” eta PUM+J.
Sei diputatuek ordezkatuko dute Gipuzkoa Espainiako Kongresuan. Lau senatarik Senatuan. Kongresurako 12 hautagai zerrendetatik bat hautatu ahal izango da. Senatuaren kasuan, bozkatzeko modua aldiz ezberdina izan ohi da. Deialdira aurkeztutako 12 alderdietako hautagai bat, bi edo hiru aukeratu ahalko dira. Denak alderdi berekoak, edo desberdinetakoak.
Posta bidez bozkatzeko azken eguna
Hainbat alditan luzatu ostean, gaur bai, ostiral honetan itxiko dute posta bidez bozkatzeko epea. Modu honetan botoa emateko eskaera egina dutenek, gaur arratsaldeko 14:00ak arteko tartea dute Correosen posta bidez bozkatzeko.
Bozkatzeko tokiak
Apirilaren 28an, 9:00etan hasi eta 20:00ak arte irekiko dira hauteslekuak. Goizeko 8:00etarako egon beharko dute martxoaren 28ko udalbatzaren ezohiko osoko bilkuran egin zen mahaikideen zozketan hautaturiko 72 herritarrek. Guztira, 8 mahai egokituko dira guneotan: Kalezarreko Haur Eskolan, Zubietako Lanbide Eskolan (Zubietan bizi diren Usurbil aldeko usurbildarrentzat. Zubietan Donostia aldean bizi direnek Eskolan bozkatu beharko dute), Santuenea Auzo Elkartean, Aginagako Eskolan eta Udarregi Ikastolan. Ondo erreparatu etxean asteotan jasoko zenuten errolda txartelari, bertan adieraziko zaizue non bozka dezakezuen.
Aurrez bozka papera eta gutunazala eskuratzerik izan ez baduzue, ohi bezala, hauteslekuetan izango dituzue bozka paperak eta gutunazalak; bat Espainiako Kongresurako, bestea Senaturako. Zuen burua identifikatzeko nortasun agiria eraman.
Emaitzak sarean
Apirilaren 28ko hauteskundeetako emaitzak noaua.eus eta sare sozialen bidez jakinaraziko ditugu egunean bertan, eta maiatzaren 3ko aldizkarian.
Udalerria | Barrutia | Saila | Azpisaila | Mahaia | Letras | Hauteslekua | Hauteslekuaren helbidea |
DONOSTIA | 6 | 12 | 2 | B | AZ | Zubietako ikastetxe publikoa | Learritza pasealekua, 52 |
USURBIL | 1 | 1 | A | AI | Udarregi Ikastola | Gernika ibilbidea, 11 | |
USURBIL | 1 | 1 | B | JZ | Udarregi Ikastola | Gernika ibilbidea, 11 | |
USURBIL | 1 | 2 | 1 | A | AZ | Santuenea Kultur Elkartea | Santuenea, 12 |
USURBIL | 1 | 2 | 2 | B | AZ | Aginagako Herri Ikastetxea | Erribera kalea, 7 |
USURBIL | 1 | 3 | 1 | A | AI | Kalezarko Haur Eskola | Kalezar auzoa |
USURBIL | 1 | 3 | 1 | B | JZ | Kalezarko Haur Eskola | Kalezar auzoa |
USURBIL | 1 | 3 | 2 | C | AZ | Zubietako Lanbide-Eskola | Zubieta Auzoa 9 |
USURBIL | 1 | 4 | U | AZ | Udarregi Ikastola | Gernika ibilbidea, 11 |