Gipuzkoako erroldari erreparatuta 583.748 pertsonek botoa emateko aukera izango dute, eta horietatik 27.478 pertsona atzerrian bizi dira. Usurbilgo kasuan, 4.698 dira bozka ematera deituak izan direnak eta horietatik 68 atzerrian bizi dira. INE estatistikarako erakundeak emandako datuen arabera, Gipuzkoako 88 herrialdeetan 846 hautes-mahai ipiniko dituzte 285 lokal edo egoitza ezberdinetan.
Espainia osoan botoa emateko eskubidea izango dute 36.893.976 pertsonek, eta horietatik 2.093.977 atzerrian bizi dira. 18 urte bete eta gero, 1.157.196 gaztek lehen aldiz botoa emateko aukera izango dute.
Hamabi hautagaitza
Espainiako Kongresua 350 diputatuz osatuta dago, 52 probintzia ezberdinetatik aukeratzen direnak. Gipuzkoatik sei ordezkari joango dira Madrilera. Gipuzkoako ordezkariak hamabi hautagai hauen artetik aterako dira:
- EH Bildu: Mertxe Aizpurua Arzallus.
- EAJ-PNV: Joseba Andoni Agirretxea Urresti.
- PSE-EE: Odon Elorza Gonzalez.
- Elkarrekin Podemos (Podemos-IU-EQUO): Pilar Garrido Gutiérrez.
- PP: Iñigo Arcauz Ascargorta.
- Ciudadanos: Leon Jose de Adrian Gallego.
- Partido Animalista (PACMA): Ivan Ruiz Garcia.
- Vox: Don Juan de Dios Davila Garijo.
- Escaños en Blanco-Aulki Zuriak: Daniel Lizarralde Aguirre.
- Recortes Cero: Maria Angeles Alberdi Bergareche.
- Partido Comunista de los Trabajadores de España (PCTE): Jose Alberto Jimenez Gonzalez.
- Por un Mundo Más Justo (PUM+J): Jose Manuel Corcuera Miranda.
Batzuk ezagunak, besteak ezezagunak
EH Bildu, EAJ-PNV, PSE-EE, PP, Elkarrekin Podemos edota Ciudadanos alderdi aski ezagunak dira. Hedabideetan zalaparta handia sortzen ari da VOX, eta badaude lehendik ere ezagunak diren beste zenbait alderdi. Bereziki, PACMA. Eta gainerako alderdiak zer ordezkatzen dute?
- Escaños en Blanco edo Aulki Zuriak ordezkaritza lortzeko lanean ari da, baina euren helburua eserleku hori hutsik uztea da. Boto zuriaren aldaera modukoa da, protesta egiteko modu bat. Udal hauteskundeetara ere aurkeztuko dira, besteak beste Urnietan, Usurbilen eta Donostian.
- PCTE alderdi komunista gisa bereko PCPE alderditik sortu da, 2019ko martxoko haustura eta gero. Alderdi berria da, beraz. PCPE azken 30 urteetan hauteskunde ezberdinetara aurkeztu da.
- Recortes Cero 2014an sortu zen, Espainiako krisi ekonomiko larriaren eraginez. 115 erakunde ezberdinen batura modukoa da, sarean lan egiten ari direnak. Gizarte, kultura eta politika mailako erakundetzat definitu dira.
- Por un Mundo Más Justo alderdia pobreziari aurre egiteko sortu zen. Zer defendatzen dute? Besteak beste, giza eskubideak, ingurugiroa eta garapen bidean diren herrien aldeko lana.