Txirikorda proiektuaren aurkezpena larunbatean

Noaua Aldizkaria 2019ko mai. 3a, 07:48

Etorkizunean Ugartondon kokatuko den belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioa diseinatzeko urtarriletik abian egon den parte hartze prozesuaren emaitza aurkeztuko dute Usurbilgo Udalak (Xabier Arregi alkateak) eta Hiritik At kooperatibak (Karlos Renedo kooperatiba kideak) larunbatean (maiatzak 4) 12:30etan SUTEGIN. Belaunaldi ezberdinetako herritarrek elkarlanean diseinatu duten proiektua bera.

Bereziki etxebizitza honen erabiltzaile potentzialak izango diren gazte eta pentsiodunei zuzenduriko bilera irekia larunbatean, maiatzaren 4an, 12:30etan Sutegin. Urtarrilaz geroztik egin duten parte hartze prozesuaren baitan bideraturiko lanketaren emaitza, proiektua bera aurkeztuko dute. "Usurbilgo Udalak Ugartondoko urbanizazio berrian  jasoko duen ekipamendu publikoan, herriko gazteentzat eta adinekoentzat etxebizitza komunitarioa sustatuko du.  Europako iparraldeko herrialdeetan gero eta ohikoagoak dira halako etxebizitzak, baina Euskal Herrian ez. Usurbil izango da lehen udalerria halako egitasmo bat bideratzen, ekimen publikoz. Proiektuari forma eta edukiak emateko, parte hartzeko prozesu bat abiatu zuen Udalak eta, hain justu, bihar aurkeztuko da emaitza. Gazteek eta adinekoek izan dute  proiektuaren gaineko erabakimena eta Hiritik At kooperatibak dinamizatu du prozesua. Proiektuaren nondik norako guztiak, bai hirigintza-proiektua bai proiektu soziala, bihar aurkeztuko dituzte jendaurrean".

Etorkizunean Ugartondon eraikiko den urbanizazio berrian, Usurbilgo Udalak kokatuko duen Txirikorda, belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioaren egitasmoa definitzeko urtarriletik abian zen prozesu parte hartzailea amaituko dute saio honekin. Bereziki, proiektu honen erabiltzaile potentzialak izango diren gazteei eta adinduei zuzendua dago. 

Bi bilera ireki hurrengo astean
Urtebete barru ospatuko den Euskaraldiaren bigarren ediziora begirako lanketan murgiltzen hasteko bilera irekia deitu du iazko edizioaren harira osatu zen herritarren batzordeak. Biltzeko hitzordua maiatzaren 6rako finkatu dute, 18:00etan Potxoenean.

Bestalde, Martxoaren 8ko greba feministaren harira hasitako lanketari jarraipena emateko bilera irekia deitu du Usurbilgo emakume taldeak maiatzaren 7rako 18:00etan Potxoenean.

DATOZEN BILERA IREKIAK
Maiatzak 4, larunbata
12:30 Txirikorda proiektuari lotutako azken parte hartze saioa Sutegin.

Maiatzak 6, astelehena
18:00 Euskaraldiko bilera irekia Potxoenean.

Maiatzak 7, asteartea
18:00 Usurbilgo emakume taldearen bilera irekia Potxoenean.