Txirikorda, Euskaraldia eta Martxoaren 8a hizpide dituzten herri bilerak egunotan

Noaua Aldizkaria 2019ko mai. 2a, 09:38

Txirikorda proiektua definitzeko azken parte hartze saioa, 2020ko Euskaraldia prestatzen hasteko bilera irekia eta Usurbilgo emakume talde batek Martxoaren 8ko lanketari segida emateko hitzordua deitu dira egunotarako.

2020ko Euskaraldira begirako bilera
Urtebete barru ospatuko den Euskaraldiaren bigarren ediziora begirako lanketan murgiltzen hasteko bilera irekia deitu du iazko edzioaren harira osatu zen herritarren batzordeak. Biltzeko hitzordua maiatzaren 6rako finkatu dute, 18:00etan Potxoenean. 

Emakume taldearen bilera
Martxoaren 8ko greba feministaren harira hasitako lanketari jarraipena emateko bilera irekia deitu du Usurbilgo emakume taldeak maiatzaren 7rako (asteartea) 18:00etan Potxoenean.

Txirikordaren azken saioa
Etorkizunean Ugartondon kokatuko den belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioa diseinatzeko apirila hasierarako iragarria egon baina bertan behera geratu zen azken parte hartze saiorako hitzordua finkatu du Usurbilgo Udalak. Etxebizitza honen erabiltzaile potentzialak izango diren gazte eta pentsiodunei zuzenduriko bilera irekia larunbatean, maiatzaren 4an, 12:30etan Sutegin. “Saio horretan proiektuaren ondorio nagusiak aurkeztuko dira, bai eta aurrera begirakoak ere”, iragarri dute Udaletik.