Munduko dantzen erakustaldia igandean

Noaua Aldizkaria 2019ko mai. 3a, 18:37

Warda Mallalek urtero antolatzen duen kultura ezberdinetako dantzez gozatzeko aukera izango da igandean. Gipuzkoa nahiz Bizkaiko dantzariak igoko dira oholtzara, tartean Usurbilgoak.

Dantzon erakustaldia igandean (maiatzak 5) 18:30etan hasita Sutegiko auditorioan. Sarrera 2 euro. Warda Mallalek antolatuta, "mundu osoko dantza estilo ezberdinak erakutsiko dira bai umeak, bai helduak dantzatuta. Bilboko, Gipuzkoako leku ezberdinetako eta baita Usurbileko taldeek parte hartuko dute bertan. Adin guztientzako ekitaldi polita, sentimenduz egina". 

Kultur adierazpidea
Emanaldiarekin dantza mugimendu soil bat baino gehiago, kultura, herrialde bakoitzak bere emozioak adierazteko, kultura agertzeko eta gerturatzeko duten modua dela ere badela islatu nahi dute.

Azken urteotan, bestek besteak Dantza Egunean edota Usurbil Herri Anitza jaialdian ikusi izan ditugu. Urtean zehar Sutegin igande honetakoa bezalako emanaldiak ere antolatzen ditu Wardak, eremu honetan ezagun eta lagunak dituen munduko dantzetan ari diren beste talde batzuekin batera.

Wardak irakatsi ohi duen ekialdeko dantzen onurak azpimarratzen ditu. Haur, heldu nahiz adinekoentzat ikasterraza da, musikarik gabe ere ikasi baitaiteke. Hezurretako minarentzat antidoto egokia dela dio, odol zirkulazioa hobetzen edota gorputz posturak zuzentzen laguntzen du, zoru pelbikoa lantzen da gainera. Gorputz osoa baita. Eta emozioak. “Sinestezina da autoestima zenbat irabazten den dantza honen bidez. Bizi kalitatea hobetu eta segurtasuna irabazten da”, dio Mallalek ikasleei buruz. 

Sortzez marokoarra, duela ia bi hamarkadatik Orion bizi da. Ibilbide oparoa egin du munduko dantzak gure artean irakatsi eta zabaltzen. Ezaguna da gure inguru hurbilean baita urrunago ere. Udala eskertu nahi du Wardak, ekitaldiok antolatzen lagundu eta dantza hauek jendearengana gerturatzeko egin ohi duen ahaleginagatik.