Euskaraldiari eta Martxoaren 8ari lotutako herri bilera bana aste hasiera honetan

Noaua Aldizkaria 2019ko mai. 6a, 09:43

Herri bilera irekien aste berria. 2020ko Euskaraldia prestatzen hasi eta Martxoaren 8ko greba feministaren inguruan Usurbilen hasitako lanketari segida emateko bilera ireki bana iragarri da aste hasiera honetan. 

2020ko Euskaraldira begirako bilera
Ahobizi eta Belarriprestok adi, konturatzerako Euskaraldia bueltan datorkigu eta. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra Euskal Herrian 220.000 lagunek eginiko ariketa kolektiboak jarraipena izango zuela iragarri zuten sustatzaileek, joan den urte amaierako 11 eguneko ekimena amaitu berritan. Data finkatua dute; geure hizkuntza ohituretan eragin eta euskararen erabilera sustatzea helburu duen ekimenaren  edizio berria, 2020ko udazkenean ospatuko da. 

Estreinako edizioan bezala, Ahobizi nahiz Belarriprest rolen bidez, iazko udazkenean 11 egunez egin eta hasitako ariketari segida ematea, Euskaraldian parte hartzera gonbidatuko dira herritarrak. Eta berrikuntza bat ere iragarri dute; 2020ko udazkeneko ariketa kolektibo berrian, erakunde publiko, enpresa, saltoki, elkarte eta abarrei, entitateei oro har, haien guztien jardunean euskararen erabilera indartzeko konpromiso zehatzak hartzea bultzatuko da.

Urtebete barru ospatuko den Euskaraldiaren bigarren ediziora begirako lanketan murgiltzen hasteko bilera irekia deitu du iazko edizioaren harira osatu zen herritarren batzordeak. Biltzeko hitzordua gaurko (maiatzaren 6rako) finkatu dute, 18:00etan Potxoenean. 

Emakume taldearen bilera
Martxoaren 8ko greba feministaren harira hasitako lanketari jarraipena emateko bilera irekia deitu du Usurbilgo emakume taldeak maiatzaren 7rako (asteartea) 18:00etan Potxoenean.