Udal gobernu taldeak bat egin du Ingemarren itxiera eta kaleratzeak salatzeko gaurko manifestazioarekin

Ingemarrek deituta, ostiral arratsaldeko 18:00etan (maiatzaren 10ean) udaletxe paretik abiatuko den manifestazioarekin bat egin du udal-gobernu taldeak. Bidegabetzat jotzen dute itxiera herria zein herritarrentzat, eta noski, langileentzat bereziki.

NOAUA!ra helarazitako ohar bidez, lantegiko kaleratzeak eta itxiera salatzeko Ingemarreko langileek deituta ostiral arratsaldean (maiatzaren 10) 18:00etan udaletxetik abiatuko den manifestazioarekin bat egin du Usurbilgo udal-gobernu taldeak. Bidegabetzat jotzen dute Ingemarren itxiera Usurbilentzat, usurbildarrentzat, "eta, batez ere, langileentzat galera handia izango da" . 

Usurbilgo alkate Xabier Arregik enpresaren jarrera gaitzetsi du. "Zuzendaritzak ez du benetako apusturik egin Usurbilgo lantegiaren alde, eta ez dio beste inori utzi enpresa indarberritzen".

Babesa adierazi die langileei, ahal duen neurrian laguntzeko prestasuna agertzearekin batera. "Maiatzaren 2an bilera egin zuen Xabier Arregi Usurbilgo alkateak Ingemar enpresako langileekin, egoeraren berri izan eta Udalaren babesa adierazteko".  Maiatzaren 15ean izango dute Ingemarreko langileek kaleratze eguna, alkateari jakinarazi diotenez, "baina eurek ez dute kaleratze-gutunik sinatuko eta epaitegietara joko dute".

Egoera honetan dela, alkateak ostiraleko manifestazioan parte hartuko duela iragarri du. “Ingemar gure herriko enpresa da. Bertan sortua, zainak hemen dituena. Baina duela urte batzuk Galiziako talde batek hartu zuen buruzagitza, eta geroztik deuseztatu egin dute. Deslokalizazioak desegitea ekarri du. Galera handia da Usurbilentzat, usurbildarrontzat eta, batez ere, noski, langileentzat. Bihoakie langileei gure babes eta elkartasun handiena”

Manifestazioa, udaletxetik frontoira
Manifestazioa ostiralean (maiatzak 10) 18:00etan abiatuko da udaletxe paretik. Herri erdigunea zeharkatu ostean, frontoian amaituko da langileen agerraldiarekin. Ingemarreko langileei elkartasuna eta babesa adierazteko aukera ederra beraz bihar.

Enpresak iragarritakoa bete du
Ingemarreko zuzendaritzak iragarritakoa bete, eta martxoan hasieran aurkezturiko enplegu-erregulazio espedientea gauzatu du. Atalluko langile gehienak kaleratu eta lantegia ixteko bidean jarri du. Aipatu espedientea iragarri zutenean greba mugagabeari ekin zioten langileek. Langileok kaleratzeen eta Ingemarreko itxieraren aurka manifestazioa deitu dute orain, ostiralerako (maiatzak 10). 

Duela 10 urte hasitako borroka luzea egin dute langileok, Usurbilgo lantegia ixtearen eta urte guztiotan izan diren kaleratzeak saihesteko. Galizan, herri honetako plantan ordezkaritzarik ez duten bi sindikatuek (UGT-ko hiru ordezkarik eta CIGeko bik) zuzendaritzarekin adosturiko erabakiak eragin ditu azken kaleratzeok. Ingemarreko langileei babesa adierazteko aukera ezin egokiagoa izango da beraz ostiralean.