Alex Tello: "Galerak diskoarekin Oihana Alkorta artista aldarrikatu nahi izan dugu"

Noaua Aldizkaria 2019ko mai. 10a, 17:38

Galerak (Gaztelupeko Hotsak) diskoa aurkeztu dute gaur eguerdian Donostian. Alex Tello izan da proiektu kolektibo honen bultzatzaile nagusia. Puntako bidelagunak izan ditu alboan. Lucia Arzallus eta Ignacio Arakistain musikariak kantuen konposizioez arduratu dira eta Xabier Sagasta marrazkilariak edertu du CD-DVDa. 

Orain ikusi du argia. Galerak diskoaren ernamuina ordea, aspaldikoa da. “Duela 14 urte hasi nintzen proiektu honekin”, Alex Tellok aditzera eman duenez. “Garai hartan poema batzuk idatzi nituen etxean eta hortik garatu den prozesuak dimentsio handia hartu du. Azken txanpan, Gaztelupeko Hotsak argitaletxearen babesa eta bultzada oso lagungarria izan da”.

Diskoak badu azpi-izenburu bat, lan osoaren nondik norakoa ulertzeko ezinbestekoa: Oihana Alkortaren poema baten segida. “Oihana Zarautzen ezagutu nuen eta 2005. urtean bere poema bat kantatu zidan”, aitortu du Tellok. Bat kantaria, bestea antzezlea. Sormenerako grinak batu zituen biak. Diskoa hain zuzen, Oihanak Alexi behin kantatu zion poema harekin zabaltzen da: “zuhaitz hostoen atzean / ezkutatzen den / ilargiak zure uhartera narama / haizearen uluaz zure oihuak / heltzen dira / ta galtzen naiz / mintzen nau”.

 

Artista askoren topaleku

Poema kantatzearekin bat, Oihana Alkortak erronka modukoa ipini zion Alex Tellori. Lehen poema hari segida ematea. Tellok onartu eta berehala ekin zion Galerak diskoko kantuetan ageri diren gainontzeko poemak idazteari. 2007an, ordea, Oihana Alkorta zendu zen. 30 urte baino ez zituen hil zenean.

Heriotzak ez zuen egitasmoa eten; Alex Telloren buruan jarraitzen zuen bizirik. 2015. urtean, poemak musikatzea erabaki zuen. Doinuen konposizioa Ignacio Arakistain eta Lucia Arzallus pianojole gazteen esku utzi zuen. Eta behin estudioan, kantarien txanda iritsi zen. Batzuk ibilbide luzeko artistak dira (Labrit Zabala, Aitor Gorosabel, Jon Gurrutxaga, Xabi San Sebastian),  besteak ezezagunak edota hasiberriak (Natali, Couple, Bihozkada).

Diskoak 10 kantu berri jasotzen ditu bere baitan. Horretaz gain, Alex Tellok errezitatutako bi poema ageri dira (horietako bat, Oreka TX txalapartariek lagunduta). Oihana Alkorta kantaria ere bazen, eta 2004ko Kilometroak-erako konposatu zuen abestia ere jaso dute Galerak diskoan.

 

"Merezi zuelako egin dugu"

Lan honekin Oihana Alkorta omendu nahi zuen Tellok, baina batez ere "Oihana Alkorta musikaria eta artista aldarrikatu nahi nuen". Bide batez, aspaldiko amets bat bete du usurbildar artistak: "disko bat egin nahi nuen baina ez naiz musikaria". Galerak-ekin "lortu dut amets hori burutzea". Ahalegina handia izan den arren, merezi zuelako murgildu da egitasmo honetan.

 

"Diskoak dramurgia bat dauka"

Zaila izaten da lan kolektibo bat definitzea. Honakoan, gako nagusi bat gailentzen da: "lagun baten ezinezko bilaketa. Hori da disko honen baitan dagoen istorioa", Tellok gaurko aurkezpen ekitaldian aditzera eman duenez. Ez dira kantu isolatuak. "Diskoak dramaturgia bat dauka", hari bat. Galerak elkarrekin partekatuta hobeto eraman ditzakegu eta ideia horrek elkar lotzen ditu elementu denak. 

 

“Goi mailako omenaldi artistikoa”

Gaztelupeko Hotsak zigiluko Xarra Azkarateren esanetan, “Galerak omenaldi bat da, koadrila batek aspaldi hil zen neska bati eginiko omenaldi txukuna. Goi mailako omenaldi artistikoa”.

 

DVDa, diskoaren osagarri

Galerak eskuratzen duenak ez du soilik disko bat eskuratuko. Iazko azaroan Sutegin eskaini zuten zuzenekoa DVD batean betikotu baitute. NOAUA!-ren Kulturaldiaren baitan antolatu zen kontzertuan, diskoko musikari gehienak aritu ziren. Sutegiko emanaldia berezia izan zen, lehen aldiz entzun ahal izan zirelako Oihana Alkortaren oroimenez egindako kantuak. Orain disko batean batu dute dena, kantuak eta zuzeneko ikusentzunezkoa, noiznahi entzun nahi dituenarentzat.

Arestian esan bezala, Xabier Sagasta marrazkilariarenak dira diskoko irudiak eta diseinu lanak.