“Pare bat belaunaldi aurretik, oso ondo zekizkiten nik tailerretan erakusten ditudan hainbat gauza”

Noaua Aldizkaria 2019ko mai. 10a, 18:07

Udaberriko armairu aldaketa tailerra antolatu du Maitane Ormazabal Larzabalek. Txukuntzen taldearen izenean dihardu lanean eta TAPUNTUren egoitzan izango da maiatzaren 25ean, goizeko 10-13 bitarte. Hamaiketakoa ere izango da animatzen diren guztientzat. Guztia 30 euroren truk, aurretik izena emanda info@txukuntzen.eus -en. NOAUA! berarekin izan da tailerraren gaineko xehetasun gehiago biltzeko.

NOAUA! Udaberriko armairu aldaketa tailerra antolatu duzu. Nori zuzendutako tailerra da?

Orokorrean antolaketa eta ordenarekiko interesa duten guztiei dago zuzenduta. Edota azkenaldian ordena hain modan dagoenez, interesa sortu zaien horiei ere bai. Gizon edo emakume, heldu edo gazte, bakarrik edo norbaitekin bizi... Denontzat da interesgarria, nire ustetan.

Zein ikuspuntutatik landuko duzu gaia: arroparen kalitatearen inguruan edo antolaketaren inguruan?

Ikuspuntu nagusia antolaketa da beti; ordena luzaroan mantentzeko aukera hoberena eta gure inguruarekin gustora bizitzeko baliagarria delako. Arroparen zaintzari garrantzia handia ematen diot, denboran kalitatea eta itxura mantendu dezan. Baita erabili beharreko antolaketa osagarriei, hauen erabilera egokia garrantzitsua baita arropa eta orokorrean guztia luzera ondo mantendu dadin. 

Ez al dakigu urtaro aldaketetan behar bezala gure arropa gordetzen hurrengo urterako?

Aurretik, pare bat belaunaldi aurretik, oso ondo zekizkiten nik tailerretan erakusten ditudan hainbat eta hainbat gauza. Denborarekin garrantzia edo lehentasuna emateari utzi zaie (fast fashion-a dela eta, besteak beste). Nik bizitza guztian kontutan izan diren hainbat gauza mahai gainean jartzen ditut tailerretan eta gaur egun erabiltzen diren beste hainbat teknika eta trikimailu erakutsi. 

Luzatu gonbita tailerrean parte hartu, ez parte hartu zalantzan dauden horiei.

Aurreko denboraldiko gauzak txukun eta ondo gordetzen ikasteaz gain, armairuan arropak txukun mantentzeko moduez hitz egingo dugu eta hamaiketako goxo bat hartzeko aukera ere izango dugu guztiok batera. Behar den gauza bakarra, ikasi eta ondo pasatzeko gogoa da, beraz animatu zaitezte!