Ingemarreko kaleratzeen eta itxieraren aurka mobilizatu da herria

Ingemarreko langileak kaleratu eta Atalluko lantegia itxiera bidean jartzeko Galizan hartutako erabakiak erantzun irmoa izan du ostiral arratsalde honetan. Aipatu plantako langileek deituta, enpresa ez ixteko exijitu eta borrokan segitzeko duten konpromisoa berresteko manifestazioa egin da Usurbilgo kaleetan zehar.

Babes zabala jaso du mobilizazioak. Langileak lehen lerroan, atzetik zituzten hainbat senide eta lagun, baita azken hamarkada luze honetan kaleratu dituzten hainbat langile ere, hainbat herritar, baita udal gobernu taldeko ordezkariak ere, Udalaren izenean babesa ematen.

18:00ak pasatxoan udaletxe paretik abiatu den mobilizazioak Usurbil erdiguneko kale nagusiak zeharkatu ditu Mikel Laboa plazaraino. Amaieran, pankartako leloak zioena ozen adierazi dute. Ingemar ez ixtea exijitzearekin batera, azken hamar urteotan egin duten moduan, borrokan segiko dutela iragarri dute, bertaratu direnen txalo artean.