"Gure borroka ez da hemen bukatu. Aurka egingo diogu EEE delako horri Auzitegi Nazionalean, iruzurra delakoan"

Noaua Aldizkaria 2019ko mai. 10a, 20:47

"Gure borroka ez da hemen amaitu", argi utzi dute Ingemarreko langileek, Atalluko plantako kaleratzeen eta itxieraren aurka ostiral arrratsalde honetan herrian barrena egin den manifestazioaren amaierako agerraldian. Auzitegi Nazionalera joko dute, aurkeztu zaien erregulazio-espedientea iruzurra delakoan. Enpresa bidegarria dela gogorarazi dute berriz.

Eta Ingemarreko langileak xantaia argia pairatzen ari direla. Azken hamar urte luzeotan egin duten moduan, borrokan segiko dutela berretsi dute. Usurbilgo herriari eta Udalari eskerrak eman dizkioten denbora honetan guztian zehar agertutako babesagatik. "Sostengu hori izan gabe, nekez eutsiko geniokeen borrokari orain arte". 

Yemen manifestazio amaieran langileek plazaratu duten adierazpena osorik:

LANGILEEN ADIERAZPENA
Ingemarko langileok hamar urtez baino gehiagoz egon gara moldaketak eta birmoldaketak jasaten; eta beti gure lanposten aldeko borrokan ari izan gara, Usurbilgo lantegia itxi ez dezaten. Urte horietan enpresako zuzendaritzak erregulazio-espediente bat baino gehiago aurkeztu ditu, eta plantilla 35 langile ingurura murriztu da:

2009. urtea: 200 langile.
2019. urtea: 37 langile.

Grupo Ingemar S.L. enpresako zuzendaritza erregulazio-espediente batez baliatu da hemengo jendea kaleratzeko, zeren beste lantegi batzuetako langileei oso neurri mugatuan eragin baitie. Kontuan hartu behar ditugu bi datu hauek: 
1-Enplegu-erregulazioko espedientea Madrilen izapidetu dela.
2-Negoziazio Batzordeko kide gehienak Ingemarga S.A.-ko Enpresa Batzordekoak direla, eta enpresa hori Lugon dagoela.

Langileak kaleratzeko EEE hori Galiziako lantegiko Enpresa Batzordeak onetsi du (enpresako Zuzendaritzaren helburuetako bat), UGT eta CIG sindikatuen aldeko botoekin. Sindikatu horiek gehiengoa dute Negoziazio Mahaian. Horren ondorioz 30 familia kalera bidali dituzte, eta Grupo Ingemarri 70 urtez jaten eman dion lantegia azkenean itxiko da.

Ulertezina da hau bezalako lantegi emankor bat ixtea. Orain dela 3 hilabete bideragarritasun-plan bat aurkeztu zen, eta haren arabera enpresa honen errentagarritasuna argi eta garbi ikusi zen.

Guk salatzen dugu xantaia baten azken jasaileak garela, Grupo Ingemar S.L.-ko Zuzendaritzak lantegi bateko langileen esku utzi baitu beste lantegi bateko kaleratzeak eta itxiera baimentzea, haiekin zerikusirik ez badu ere.

UGT eta CIG sindikatuei eta Lugoko lantegiko langileei galdetu nahi diegu ea harro sentitten diren lantegi baten itxieran eta horren ondoriozko kaleratzeetan parte hartu izateagatik. Jokabide hori nola azalduko diete beren familiei? Edo, bestela, zergatik ez datoz hona, azalpen hori gure familiei zuzenean ematera?

Gure borroka ez da hemen bukatu. Aurka egingo diogu EEE delako horri Auzitegi Nazionalean, iruzurra delakoan. Eta ahaleginduko gara lotsagabe horiek agerian uzten.

Usurbilgo langileok eskerrak ematen dizkizuegu denei azken urteotan gurekin izandako elkartasunagatik. Sostengu hori izan gabe, nekez eutsiko geniokeen borrokari orain arte. Usurbilgo Udalari ere gure esker ona agertzen diogu, denbora luze horretan emandako laguntzagatik; eta bide batez erne jarraitzeko eskatzen diogu, Usurbilgo lantegiko lursailekin edo  langileekin negozioa egiteko asmoa antzemango balitz, tinko erantzuteko.

Eskerrik asko denoi.

Ingemar ez itxi!!!