“Infernu honetan erotzeko beldur bazara idatz itzazu olerkiak”

Noaua Aldizkaria 2019ko mai. 13a, 10:21

Joxan Artzeren hitzok bere egin ditu Txakur Gorria kolektiboak. Martxoan, “H-Artzetik poesia musu zapietan” izeneko ikuskizuna taularatu zuten Bilboko Loraldia jaialdian. Datorren astean Usurbilgo Sutegi auditorioan izango dira. Maiatzaren 24ko emanaldirako sarrerak dagoeneko eskura dituzue Lizardi dendan.

“Belaunaldi gazteak Laboaren ahotsean, ereserki bilakatuta, herrikoiak diruditen poemetan kamuflatuta jaso du Joxan Artze poetaren lana. Txakur Gorria irudia eta hitza lantzen duen kolektiboak eskertze keinu xume bat egin nahi dio iaz utzi gintuen poetari”. Loraldia jaialdiaren esanetan, “heriotzak hurbildu ditu sortzaile gazte hauek haren bizitzara. Izan ere, zubi bat eraiki nahi dute bi garaien artean. Artzeren mundutik hartzera ausartuko dira eta gaurko begiradan islatuko dute horren berritzailea izan zen unibertso poetikoa”.

 

Maiatzak 24, ostirala

20:00etan, Sutegin.

Oholtzan: Malen Amenabar, Mariñe Arbeo, Ane Labaka, Nerea Ibarzabal, Peru Galbete.

Antolatzailea: Jexux Artze Kultur Elkartea.

Sarrerak: Lizardin 8 euro aldez aurretik, 10 euro egun berean (lehiatilan).