Lasarte-Orian, gaikako bilketa ez da batere eraginkorra. Herritar bakoitzak 228 kilo errefus sortzen ditu urtean. “Datu horiekin Gipuzkoako hondakinen kudeaketaren azken bagoian goaz. Herri gutxik egiten dute okerrago. Donostia, Irun, Hondarribia, Mendaro, Elgoibar, Ermua eta Mallabia”, manifestazioaren amaieran Aire Garbia plataformako kideek salatu zutenez. “Erraustegiak ezinbesteko dituen eredu kaskarrak dira”. Piramidearen beste aldean, “32 herritan gaikako bilketa %70etik gorakoa da. Gipuzkoa osoak herri hauen bilketa eredugarria jarraituko balu, urteko 90.000 tona errefus baino ez zen sortuko. Zertarako behar dugu orduan urtero 200.000 tona tratatzeko diseinatutako erraustegi bat?”.
Osasuna arriskuan
Aire Garbiaren esanetan, munduko instalazio ezberdinetan egin diren ikerketen emaitzak bat datoz. “Erraustegien inguruan minbizia arriskua handiagoa da. Arnas aparatuko gaitz gehiago daude eta ugaltze arazo gehiago”. Horregatik, Lasarte-Oriako plataforma honen ustez, “erraustegia bultzatzen duten alderdiek, PSEk eta EAJk, herritarren osasuna arriskuan jarri nahi dute”.
Emisioen kontrola urria izango da
Aire Garbiak manifestazioaren amaieran adierazi zuenez, “dioxina, furano eta metal astun arriskutsuen emisioen kontrola urtean bitan bakarrik egin nahi dutela jakin dugu. Nahiz eta jakin horrela ezin dela inondik inora isurketa toxikoen maila kontrolatu. Zentzurik gabeko arduragabekeria honekin lehenbailehen bukatu behar dugu. Ez dezagun utzi gutxi batzuen negozioen mesedetan herritarron osasuna arriskuan jartzea. Bilketa eraginkorra bai errausketarik ez!”, oihukatuz amaitu zen antolatzaileen agerraldia.