Jaietako egitaraua diseinu lehiaketara aurkeztu eta txupinazorako hautagaiak proposatzeko azken eguna gaur

Jaietako egitaraua diseinu lehiaketara aurkeztu eta txupinazorako hautagaiak proposatzeko azken eguna gaur

Ekainaren 28tik uztailaren 2ra ospatuko ditugun Usurbilgo jaiei begira, txupinazorako hautagaiak proposatu, egitaraua diseinatu eta bertsopaper onenak hautatzeko Jai Batzordeak antolaturiko lehiaketetan parte hartzeko epea zabalik duzue. Txupinazoa nork jaurti erabakitzeko deialdira eta egitarau diseinu lehiaketara zuen ekarpenak egiteko ordea, maiatzaren 17an itxiko da. Hurrengo astean hartuko dira bi deialdi hauei lotutako erabakiak. Ondoko albistean dituzue xehetasunak.

Txupinazoa nork jaurtitzea nahi zenuke?
Bidali proposamenak maiatzaren 17a baino lehen, kultura@usurbil.eus helbidera edo Artzabalen, Sutegi udal liburutegian, Oiardo Kiroldegian eta Udalean egongo diren kaxetan utzi. Maiatzaren 22an egingo den Jai Batzordearen bilera irekian (18:00etan Potxoenean) erabakiko da nork edo nortzuk emango dieten hasiera 2019ko herriko festei.

43. Bertsopaper Lehiaketa
-16 urtetik gorako usurbildarrentzat.
-Lanak (originala eta hiru kopia) ekainaren 21a baino lehen aurkeztu, egilea nor den adierazi dezakeen daturik gabe. Lanarekin batera kartazal itxi batean parte hartzailearen datu pertsonalak aurkeztu. Guztia helbide honetan: Usurbilgo Udala (XLII. Bertsopaper Lehiaketa) Joxe Martin Sagardia plaza. Usurbil 20170
-Lanek 6-10 bertso artekoak izan beharko dute, inoiz argitaratu gabeak.
-Sariak: lehen saria 200 euro eta oroigarria; bigarrena, 150 euro.
-Oharra: epaimahaiarentzat aurkeztutako lanek behar duten kalitaterik ez badute, sariak eman gabe gera daitezke.
Antolatzaileak: Bota Punttuba eta Usurbilgo Udala.

Egitaraua diseinatzeko lehiaketa
-Lehiaketa publikoa eta irekia norbanako nahiz taldeentzat.
-Nahi adina lan eta neurri librean aurkeztu ahalko dira; guztiak originalak, aurrez argitaratu gabeak.
-Diseinu lanerako egitarauko testua Potxoenean jaso edo emailez eskatu kultura@usurbil.eus helbidean, testu horretan oinarritu diseinu lana. Eta udalaren logoa jaso beharko du.
-Lanak pdf formatuan euskarri digitalean (CD edo pendrive batean) eta paperean aurkeztu. Proposamen bakoitzeko bi kartazal aurkeztu, kanpoan egilearen izengoitiarekin, kartazalaren letrarekin eta “Santixabel egitarau lehiaketa” izenburuarekin. Barruan, A kartazalean parte hartzailearen datuak (izen-abizenak edo elkartearen izena, IFK/IZK, helbidea, telefonoa, helbide elektronikoa…). B kartazalean diseinu lana, euskarri digital eta paperekoan izengoitiarekin.
-Maiatzaren 17a baino lehen aurkeztu Usurbilgo Udaleko erregistroan edo postaz bidali helbide honetara: Usurbilgo Udala, Kultura Saila / Joxe Martin Sagardia plaza z.g. 20170 Usurbil. Posta-bulegoan lana bidaltzen deneko data justifikatu eta egun berean emaila helarazi kultura@usurbil.eus helbidera.
-Epaimahaia Jai Batzordeko bi kideek, diseinu arloan ezagutza duten bi kideek eta  kultura zinegotziak osatuko dute. Maiatzaren 20an hartuko dute erabakia.
-Aurkeztutako lanetan hizkuntza eta irudien erabilera ez sexista bermatu behar da.
-Informazio gehiago: 943 371 999 /kultura@usurbil.eus