Usurbilen erosteko poltsa berrerabilgarriak jarriko ditu Hurbilagok bezeroen eskura

Noaua Aldizkaria 2019ko mai. 14a, 12:05

Usurbilen erosketak egitera zoaztenean adi; aurrerantzean poltsa berrerabilgarriak izango dituzue zuen eskura, Hurbilago Usurbilgo Merkatari eta Ostalarien Elkarteak sustatu duen ekimen berriari esker.

“Usurbilen bizi, Usurbilen erosi” mezua daramaten poltsa berrerabilgarriak banatuko ditu Hurbilago Elkarteak, tokiko saltokietan erosketak egitearen truke. Poltsa hauek doan eskuratu ahalko dira. Jaso baino lehen, dendariak galdetu egingo digu ba ote dugun bat, eta ez badugu doan emango zaigu.

Usurbilgo merkatari eta ostalarien bilguneak abiarazitako ekimen berri honek bi helburu nagusi ditu; batetik noski, poltsak erabili eta bota beharrean, berrerabiltzea, eta honenbestez poltsa hauen erabilera ahalik eta gehien zabaltzea. Eta bestetik, bizi garen lekuan bertan kontsumitzea, herrian erostea alegia.