Suizidioaren tabuarekin hautsi dute hainbat herritarrek Bidegin elkartekoen laguntzarekin

Suizidioaren tabuarekin hautsi dute hainbat herritarrek Bidegin elkartekoen laguntzarekin

Bidegin elkartearen eskutik suizidioaren tabuarekin amaitzeko hitzaldia eskaini dute Sutegin. Hainbat eta hainbat herritar hurbildu da auditoriora; familian edo lagunartean suizidioren bat bizi izan dutenak, halakoren bat gertatzeko aukera ikusten duten pertsonen familiartekoak, dolua eta tratua nola eman ulertu nahi dutenak... Ondorio garbi bi atera dituzte: "Ez al zenuen ikusten gerta zitekeela?" galdera arbuiatzeko beharra eta komunikabideek gaiaren gainean konpromiso gehiago agertzeko beharra.

Sara Boteren "Volver a vivir" dokumentalaren proiekzioarekin ireki dute gaia auditorioan astelehen arratsaldez. Auditorioan dozenaka lagun bildu dira gaiaren gainean solasteko. Esperientzia pertsonalak partekatu dituzte ondoren, gaia ikuspuntu ugaritatik landuta: suizidioa askatasunez egiten den aukera bat da? Gaixotasun mentalak dituzte erabaki hori hartzen duten guztiek? Datuak mahai gainean, kasu asko gaixotasunei lotuta badaude ere, %10aren kasuan ez da hala izaten. Laguntza eskatzea eta horretarako beharra sentitzearen arteko aldea auzitan jarri dute, bai eta laguntza hori onartzeko prest ez daudenen askatasuna ere. Komunikabideek gaia argitara ateratzeko beharra nabarmendu da, tabua atzean utzi eta errealitatearen aurpegia erakustea ezinbestekotzat jotzen dute. Denak ados daude baita ere zailak direla bai bizirik irten direnen papera, bai gertuko pertsonek daukaten papera lehenengoekiko. Hala ere, ideia bat garbia da; sekula ez zaio esan behar bizirik irtendako inori honakoa: "Ez al zenuen ikusten gertatzen zena?".