Antton Olariagaren eta Joseba Larratxeren emanaldia 19:00etan San Telmon, "Argia 1919-2019: Zerukotik Lurrekora" zikloaren baitan

Noaua Aldizkaria 2019ko mai. 22a, 08:23

Zikloa Argiak berak antolatu du Donostiako San Telmo Museoaren laguntzaz eta aipatu museoan bertan ospatuko da maiatzaren 21etik 28ra, euskarazko hedabidearen ehungarren urtemuga omentzeko. Lau emanaldi izango dira guztira eta parte hartzaileen artean bi usurbildar; Antton Olariaga eta Joseba Larratxe. 

Asteazken honetan, maiatzaren 22an "100 urte ehunka irudi" hitzaldi ilustratua eskainiko dute bi herritarrek, Argiak antolatu dituen gainerako emanaldiak bezala, 19:00etan Donostiako San Telmo Museoan. Antton Olariagak Argiarentzat eginiko sortze lan nagusien errepasoa egingo du. "Joseviskyk" azken urteetako joerak erakutsiko ditu. 

Hitzordu honez gain, errezital, erakusketa eta hitzaldiak antolatu ditu Argiak, "euskarazko hedabide honek 100 urte bete ditu, eta lorpen horren balioaz jabetzeko". Duela astebete aurkeztu zuten Argiaren mendeurrena omenduko duen zikloa, zikloa bera ospatuko den San Telmo Museoan. Ondoko bideoan dituzue ekitaldiotan parte hartuko duten lagunen hitzak.

"ARGIA 1919-2019: ZERUKOTIK LURREKORA" ZIKLOA

Maiatzak 21, asteartea
19:00 Koldo Izagirreren hitzaldia: "Mendearen umeek munduari desafio".
"Hitzaldiaren izenburua eta esatekoen ikuspuntua, Gabriel Arestik duela mende erdi eta gehiago argitaratutako artikulu batetik datoz: "Euskal kulturadun hutsak ezin bagintezke, asma dezagun kultura berri bat, munduko kulturaren abangoardian martxa gaitezen. Ahal duguna salba dezagun, eta apur hori eraberritu dezagun. Ateratzen denarekin, munduari desafio diogun. Horrela salbatuko gara" ("Mendearen semeok. Zeruko Argia, 1964-03-14). Lantuaren eta epelkeriaren aurkako aldarri honek garrantzi berezia izan zuen kultur dinamika bat abiatzeko, etorkizuna hartzen zuenez helburu. Zeruko Argia agertoki zutela zaharkituaren eta berritasunaren artean sortu ziren hainbat eztabaida komentatzea izanen da Koldo Izagirreren hitzaldia". 

Maiatzak 22, asteazkena
19:00 Antton Olariaga eta Joseba Larratxeren hitzaldi ilustratua: "100 urte ehunka irudi".
"Azaleko irudiak, artikuluentzako ilustrazioak, umore zintak, kartelak... Euskal Herriaren iruditeria kolektiboari hainbat ekarpen egin dizkio Argia aldizkariak 100 urtean zehar. Asko izan badira ere irudien langintza honetan parte hartu duten marrazkilariak, hitzaldi honetan Antton Olariaga eta Josevisky izango ditugu mintzalari. Olariagak lau hamarkadatan zehar Argiarentzako egindako marrazki garrantzitsuenen errepasoa egingo digu. Testua eta irudiaren arteko harremanak, umorea, euskara bera komunikazio tresna, postergintza, komiki-lanak, diseinua... ibilbide luze horretan lagun. Joseviskyk azken urteetako joera berriak erakutsiko dizkigu".

Maiatzak 24, ostirala
19:00 Joxemari Ostolaza, Malores Etxeberria eta Josu Landaren errezitala: "Enpeinatzea ez bada libre".
"Ehun urte asko ote diren ez dago oso garbi, batez ere poesia maite eta bizi baduzu. Hamar edo hogei balira ere, utopia iparrorratz, enpeinatu beharra da motorretako bat. Horra aldarria, poesia eta kantua bitarteko: "Alferrik dugu indarra, enpeinatzea ez bada libre".

Maiatzak 28, asteartea
19:00 Elixabete Garmendiaren hitzaldia: "Euskarazko kazetaritzaren intrahistoria bat".
"Zeruko Argia-Argiaren ehun urteek euskarazko kazetaritzaren bizkar-hezurra marrazten dute. Euskarri horretan bermatuta, euskarazko kazetagintzaren "nahi eta ezina" errepasatuko dut, lapitz gorriarekin azpimarratuz kinka horretan egoteak ezarri dizkion ezaugarriak: normaltasun eza, militantzia, jazarpena 1936ko gerratik hasita... Izan ere, "heroismora kondenatua" ageri baita euskarazko kazetaritza". 

Maiatzaren 15etik 31ra
San Telmo Museoko erakusketan: "100 urteko soka-dantza" dokumentala eta "Zeruko Argia"ren lehenbiziko zenbakiak ikusgai, "Jendartean bizi" ataleko "Euskal kulturaren" gunean.

Antolatzailea: Argia
Laguntzailea: San Telmo Museoa.
Babesleak: Nafarroako Gobernua, Eusko Jaurlaritza, Euskal Kultur Erakundea, Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Laboral Kutxa.