Senior nesken futbol taldea osatzeko bilera gaur Haranen, larunbatean jubenilak animatzera joateko deia

Noaua Aldizkaria 2019ko mai. 24a, 08:14

Haranera hurbiltzeko hitzordu bikoitza asteburuan; ostiral honetan, Usurbil F.T.-k 2019-20 denboraldian senior nesken taldea osatzeko bilera irekia antolatu du. Larunbatean, Kalezarko futbol zelaian jokatuko diren neurketak ikustera joateko deia egin du baita futbol klubak.

Jubenilek Kopako finalerdia jokatuko dute. Usurbil F.T.-tik larunbat arratsaldeko 17:00etan Haranen ospatuko den neurketara joan eta herriko jolakariak animatzera deitu du. “Jubenilek Kopako finalera sailkatzeko aukera du”, ohartarazi diote NOAUA!ri Usurbil F.T.-tik.

Futbola Haranen
Maiatzak 25, larunbata
11:00 Infantil txikien finala: Tolosa- Antiguoko
17:00 Jubenilak, Kopako Finalerdiak: Usurbil F.T.-Lengokoak


Senior nesken futbol taldea osatzeko deia
Futbolean aritu nahi duten neskek, ibilbide osoa Usurbilen bertan osatzeko aukera izan dezakete uda ostean abiatuko den 2019-20 denboraldi berrian. Usurbil F.T. iraganean une pozgarri asko eman zizkion nesken senior taldea osatzekotan da. Ostiralerako, maiatzaren 24rako bilera deitu du 18:00etan Haranen, taldean parte hartzeko gogoz diren neskekin. Dagoeneko denboraldi ederra osatu duen Ainhoa Lizasok, Xabi Lazkanok eta Axier Dominguezek zuzenduriko kadete taldean diren hainbat jokalari ere parte hartzeko gogotsu dira, lerrootan adierazi digutenez.

Amaitzear duzuen denboraldiaz zer balantze egin dezakezue? 
Xabi Lazkano: Denbora zen, kadete nesken taldea ez zela ikusten Usurbilen. Lan handia egin da entrenamenduetan. Pixkanaka partidak irabazten joan eta txapeldunen fase horretan sartu da taldea. Azken partiden faltan igoerako aukerekin da taldea. 
Axier Dominguez: Txapeldunen pasean sartu ginen. Haietatik hiru talde igotzen dira eta oraindik aukerekin gaude. 

Usurbil F.T.-k aspaldi izan ez duen taldea da. Baina jada ibilbide bat egina du.
A.D.: 
Duela sei bat urte hasi ziren. Seniorren taldea desagertu zenean infantilen talde bat hasi zen. Urte batzuetako etenaldia egon zen gero, infantilena berreskuratu zen arte. Iaz osatu zen berriz kadeteen taldea. Zuzendaritzak lan handia egin du eta nabari da. Kadete eta infantil nesken taldeak ditugu, futbol eskolan ere neska asko dago. 
X.L.: Kadeteetan ditugun jokalari gehienak, denak ez esatearren, infantiletatik pasa eta jarraitzeko asmoa dutenak dira. Gehienak usurbildarrak dira, baina baita ere baditugu infantiletan kanpotik etorritako jokalariak. Aukera eman, oso gustura egon eta hemen jarraitzeko asmotan direnak ere. 
A.D.: Urte hasieran 27 neska genituen kadeteetan. Zenbaki potoloa. Nesken talderik ez egotetik 27 neska izatera aurrerapauso handia da. Zuzendaritzak lan handia egin du, baimenak eta eskatzen. Pozik eta gustura gara.

Zer berezitasun ditu taldeak?
A.D.: 
Denboraldi osoan, nahiz eta aurkariak zailak izan, partida ia guztiak borrokatu ditugu hasietatik bukaeraraino. Talde honek hasieratik bukaeraraino dena ematen du.
X.L.: Taldeko giroa ezinbestekoa iruditzen zait eta behin hori duzula, gainerakoa askoz errazagoa izaten da eta hori lortu dugula uste dut. 
A.D.: Eta konpromisoa. 20tik gora jokalari izan ditugu entrenamenduetan. Alde horretatik aberatsa izan da. 

Talde berria zer ekarpen egiten ari zaio klubari?
A.D.: 
Kadeetean 27 neska izanda, seguruena hurrengo urtean kopuru bera egon daiteke eta horrek bultzada emango dio seniorretan taldea osatzeari. 
X.L.: Poza ematen du, ez klub mailan bakarrik, orokorrean emakumezkoen futbola eta kirola izaten ari den gorakada. Hori herrian bertan islatua ikustea ere pozgarria da. 

Testuinguru honetan sortzen da hurrengo pauso naturala emateko beharra, seniorren taldea osatzekoa. Kadeteen talde honetatik hainbat jokalari egon litezke hurrengo pauso hau emateko prest? 
A.D.: 
10 bat edo egongo dira hurrengo urtean seniorretan jokatzeko aukerarekin. Taldea sortuz gero oso ondo. Futbol ibilbide osoa herrian egiteko aukera izango da. 
X.L.: Izan ditugu txikitan hemen fubolean jokatzen hasi eta uneren batean beste talde batera jokatzera joan behar izan duten ezagun eta lagunak. Orain, ibilbide hori Usurbilen osatzeko aukera izango da. 

Senior nesken taldea osatzekotan zarete. Hilaren 24rako bilera deitu duzue. 
A.D.: Hurrengo denboraldian zenbat jokalari egon daitezkeen kalkulatzeko, batez ere antolaketa lanak errazte aldera. 
X.L.: Egoera zein den ikusi eta hurrengo pausoak aurreikusteko. 

Jokalariek zer diote?
X.L.: 
Jarraitzeko gogo handiz dira. Urteotan oso gustura egon dira, giro ona izan dute eta emaitzak ere laguntzen ari dira. Pena handia litzateke garapen hau etetea, edo jokalariek kanpora joan behar izatea. 
A.D.: 
Gehienek infantiletako bi urteak, kadeteetako bi urteak egin dituzte Usurbilen. Seniorretan aritzeko aukera eskaini nahi zaie hurrengo denboralditik aurrera. Talde hau osatuz gero, atzetik datozen jokalariekin ibilbide luzea izan dezake. 

Zer esan seniorretan jokatzeko aukera izan dezaketen neskei? 
X.L.: Denak ongi etorriak izango dira. Taldea osatzea polita eta beharrezkoa litzateke. Ikusi besterik ez dago orain arte ze giro ona egon den.