Abisu horia prezipitazio handiagatik 21:00etan hasi eta ostiral eguerdira arte

Noaua Aldizkaria 2019ko mai. 16a, 08:24

Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez, "prezipitazio handiagatik" abisu horian izango gara ostegun iluntzeko 21:00etatik ostiral eguerdiko 12:00ak arte.

"EAEko zenbait lekutan ordubetean 15 l/m² baino gehiago pila daitezke. Zaparrada txiki-ertainak botako ditu; zenbait lekutan handiak eta trumoitsuak izan daitezke. Ekaitz-guneetan haize-boladak gogorrak edo oso gogorrak izan daitezke. Ostegun gauean eta ostiralean, egunaren lehen partean, lekuren batean 40-60 l/m² pila daitezke, bereziki ekialdean. Ipar-mendebaldeko haize-boladak kostaldean gogorrak edo oso gogorrak izan daitezke, 60-70 km/h-ko ingurukoak", ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak.

Hemen egunotarako iragarpena:

Maiatzak 16, osteguna
"Aldaketa espero dugu arratsaldean. Ordura arte zeruan hodeiak eta ostarteak izango ditugu, eta tenperatura maximoak 20 ºC ingurukoak izango dira kostaldean eta 25 ºC ingurukoak barnealdean. Eguerditik aurrera, ordea, eki/hego-ekialdeko haizeak ipar-mendebaldera egingo du eta arratsaldean zakartu egingo da. Orduan hodeiak gailenduko dira zeruan, zerua estalita geratuko da eta euritara joko du; gauean zaparradak trumoitsuak izan daiteke eta zenbait lekutan mardul egingo du euria".

Maiatzak 17, ostirala
"Ostiralean asko jaitsiko da tenperatura eta euria egingo du. Tenperatura maximoak ia 10 ºC jaitsiko dira barnealdeko zenbait lekutan eta 12-15 ºC ingurukoak izango dira. Zeruan hodeiak nagusituko dira eta zaparradak botako ditu tarteka, batez ere egunaren lehen partean, eta trumoitsuak izan daitezke, bereziki goizaldean eta goizeko lehen orduetan. Ipar-mendebaldeko haizea zakar ibiliko da, bereziki kostalde inguruan".

Maiatzak 18, larunbata
"Larunbatean eguraldi ezegonkorrarekin jarraituko dugu. Tenperaturak nekez gaindituko ditu 15 ºC-ak eta zeruan hodeiak nagusituko dira. Gainera, zaparradak botako ditu tarteka ia egun osoan, batez ere kantauri isurialdean. Mendebal/ipar-mendebaldeko haizea zakar ibiliko da eta hotz sentsazioa handitu egingo du, batez ere kostalde inguruan".

Informazio eguneratua, hemen: euskalmet.eus