Euskaraz eta euskal errepublika aldarrikatuz hartu du diputatu kargua Mertxe Aizpurua Arzallusek

Noaua Aldizkaria 2019ko mai. 21a, 14:32

Astearte honetan eraberritzen ari dira Madrilen, apirilaren 28ko hauteskundeen emaitzetatik sortutako Espainiako Gorte berriak; bai Senatua, baita Diputatuen Kongresua ere. Kongresuan kargua hartu berri du usurbildar batek: 2011-15 legealdian Usurbilgo alkate eta Udalbiltzako lehendakari izandako Mertxe Aizpurua Arzallusek. 

"Bai, hitza ematen dut legeak behartuta, Euskal Errepublika sortu arte". Hitzokin, euskaraz eta euskal errepublika aldarrikatuz hartu berri du diputatu kargua Madrilgo Kongresuan, Mertxe Aizpurua Artzallus usurbildarrak. Usurbilgo alkate ohiaren eta gainerako diputatu independentista euskaldun eta katalanen kargu hartzeak boikoteatzen, entzuna izan ez zitezen ahalegindu dira diputatu espainolistak, antza Vox-eko diputatuak hanka kolpeen hotsekin eta oihu artean. Kongresuko mahaiak ez du eragotzi jarrera hau eta kargu hartze ekitaldiarekin aurrera segi dute. 

Ez Aizpuruaren ezta gainerako diputatu independentisten mezuak ezin izan dira argi entzun. Giro honetan halere, irribarrea galdu gabe, bere ama hizkuntzan eta euskal errepublikaren aldeko konpromisoa berretsiz hartu du kargua Aizpuruak. Gutxitan bezala entzun da euskara Diputatuen Kongresuan. Hementxe duzue, Usurbilgo alkate ohiak kargua hartu duen unea: https://app.congreso.es/v/13642072 (Une honetan: 3´50´´).

Ondoko argazkian duzue Mertxe Aizpurua, EHBilduk abiatu berri den legealdian Madrilgo Kongresuan izango dituen gainerako diputatu kideekin batera. Aizpuruarekin batera, Oskar Matute, Jon Iñarritu eta Iñaki Ruiz de Pinedo. 

Gogoan izan, Kongresuan diputatu kargua hartuko duen bigarren usurbildarra izango dela Mertxe Aizpurua. Aizpuruaren aurretik (2007-11 legealdian), Usurbilgo alkate izandako Xabier Mikel Errekondo ere diputatu izan zen Madrilgo Kongresuan Amaiur koalizioarekin 2011-15 legealdian.

Irudien egilea: EHBildu.

Kongresu berria osatzeko ekitaldia zuzenean ikus dezakezue esteka honetan: http://www.congreso.es/wc/wc/audiovisualEmisionSemiDirecto?codOrgano=400&codSesion=1&idLegislaturaElegida=13