Aldaketa Zumarteren egoitza birgaitzeko obra kontratuan

Noaua Aldizkaria 2019ko mai. 28a, 10:33

Kontratuaren exekuzioan sortutako beharrak tarteko, 58.623,91 euroko gastu gehigarria baimentzea onartu zuen gehiengo osoz udalbatzak, maiatzaren 23an egin zuten legealdiko azken osoko bilkuran.

Kale Nagusia zeharkatzen baduzue jabetuko zarete, Zumarte Musika Eskolaren egoitza handitu eta berritzeko lanak aurrerabidean dira. Construcciones Moyua SL enpresari esleitu zion Udalak obra kontratua, BEZ-a barne ia bi milioi eurotan. Maiatzaren 23ko udalbatzaren osoko bilkuran berri eman zutenez ordea,”kontratuaren exekuzioan zehar sortu diren beharrak direla eta”-lanak hastean antza enpresa eraikitzaileak Villa Pilarreko hormak uste baino egoera okerragoan aurkitu zituzten-Obra Zuzendaritzak prezio kontraesankorrak onartzeko proposamena egin zion Udalari. Alegia, iaz aipatu enpresari ia 1.981.219,02 eurotan esleituriko obra kontratuaren gastuari 58.623,91 euroko gastua baimentzea eta horrekin batera, kontratuaren bermea handitzeko 10 eguneko tartea ematea. Gehiengo osoz onartu zen proposamena udalbatzak, EHBildu eta EAJ-ko udal ordezkarien babesarekin. PSE abstenitu zen.

Iazko udan hasi zituzten lanak. Lanok amaitu bitartean, Zumarte Musika Eskolakoak herriko beste gune batzuetan daude behin behinean; Udarregi Ikastolan eta Santueneko frontoi atzeko lokalean. Zumarteren bulegoa berriz, Puntapax 10ean dago, garai bateko atez ateko informazio guneak zuen kokagune berean.