Bost kale izen berriek inguratuko dute Ugartondoko urbanizazioa

Noaua Aldizkaria 2019ko mai. 28a, 10:48

Ugartondoko urbanizazio berria eraikitzearekin batera kale berriak sortu eta inguruko zenbait kaleren izenak aldatuko dira. Udalerriko kale izendegian egin beharreko aldaketok gehiengo osoz onartu zituen udalbatzak, maiatzaren 23ko legealdiko azken osoko bilkuran. Ugarte, Arponari, Pikaola, Lakizar eta Latsari, hortxe Ugartondo bueltako kaleek hartuko dituzten izenak. Gehienak toponomiari lotutakoak, besteek garai bateko bertako ogibideak omenduko dituzte.

Hasi dira lurra mugitzen Ugartondon, abiatu berri dituzte etorkizunean Haur Eskola ondoan kokatuko den urbanizazio berria eraikitzeko lanak. Orain ez dagoen auzune berria sortuko da etorkizunean. Eta horrekin kale berriak. Ugartondo inguratu eta egun badauden kale batzuen izenak ere aldatuko dira. Herriko kale izendegian aldaketok txertatu eta eguneratzea onartu zuen udalbatzak maiatzaren 23ko osoko bilkuran, gehiengo osoz, EHBilduren aldeko bozkekin. EAJ eta PSE abstenitu ziren. 

Kaleen izenak toponimiari edota lanbideei lotutakoak izango dira. Haur Eskolara igotzeko aldapak bertan dagoen baserri izena hartuko du, Ugarte. Haur Eskolatik ezkerretara biratuta sartuko garen kaleak Arponari. Hortik Pikaola lur eremura helduko garenez, Alkartasuna Kooperatiba egoitza ohiaren atzealdea zeharkatuko duen kaleak Pikaola izena hartuko du. Eta Pikaolatik Puntapax aldera jaisteko kaleak Lakizar. Urbanizazio berriaren baitan, Pikaolarekiko paraleloa izango den kale berri bat ere sortuko da; Latsari izenekoa.

Kale izen berri hauek orain arte hor zeuden zenbait etxebizitzetan eragin zuzena izango du. Orain arte Kalezar sakabanatuak helbidea zuten etxebizitzotako bizilagunek etxeko helbidea berritu beharko dute.