Musika Zuzenean-ek antolaturiko jaialdi akustikoa igandean Sutegin

Noaua Aldizkaria 2019ko mai. 31a, 19:34

Igande honetan, jaialdi akustiko baten aterpe izango da Sutegi. MusikaZuzenean web orriak antolatu du jaialdia, Haraneko lokaletako musika taldeekin elkarlanean. Ekimenari buruzko xehetasunak eskaini dizkigute Antton Aranburuk eta Koldo Otamendik.

NOAUA! Musikazuzenean.com agenda funtzioa betetzen duen web orrialdea da. Noiztik dago martxan?
Koldo Otamendi. Duela bederatzi urte jarri genuen martxan eta gabezia batetik sortu zen. Kontzertuen berri jakiteko ez zegoen sarean inolako web orririk. Baziren egunkariak, baziren agendak zituzten irrati programak, baina ez zegoen kontzertuen deialdiei toki egiten zien web orrialde propio bat.

Musikari, argazkilari, bideogile eta eszenako jende bat batu ginen eta horrela hasi ginen lanean. Edonork bere informazioa bidali dezake eta guk lau haizetara zabaltzen dugu. Hori da musikazuzenean.com web orrialdearen ideia nagusia.

Web orrialdea kudeatzeaz gain, bestelako ekimenak ere sustatzen dituzue, ezta?
Gauza pila bat egin ditugu urte hauetan. Mahainguruak, argazki erakusketak, solasaldiak... Musika saio bat ere jarri dugu martxan, Hamaika Telebistarekin elkarlanean. Eta azken urteotan stand bat ipini ohi dugu Durangoko Azokan.  

Igande honetan jaialdi akustikoa antolatu duzue Sutegin. Hau ez da ekimen berri bat, ezta?
Lehenbizikoa Elorrion egin genuen, web orria martxan jarri eta urtebetera edo. Formatu txikiko kontzertuak egiteko xedez hasi ginen jaialdi akustikoak antolatzen. Bakarka ari den jendeari plaza goxo bat eskaintzeko eta entzuleei gauza berriak ezagutzeko aukera emateko.

“Kantari bakoitzak bi abesti joko ditu”

NOAUA! Zein da jaialdi akustiko honen helburua?

Koldo Otamendi. Formatu txikian ari direnei erakusleiho bat eskaintzea. Proposamen beteranoak eta sortu berriak uztartzen ditugu. Kantari bakoitzak bi abesti joko ditu eta kontzertuak bi orduko iraupena izango du. Baina kontzertuaren erdian atsedenaldi bat egingo dugu, trago bat hartzeko. 

 

Harrobi lana ere egiten du jaialdi honek, ezta?

Gauza berriak deskubritzeko jaialdia da. Adibidez, duela bi urte Olatz Salvador aritu zen eta orduan ez zuen inork ezagutzen; orain batetik bestera dabil gelditu gabe. Gauza bera Izaki Gardenak, Amorante eta beste kantari batzuekin. 

 

“Usurbilen ez dugu kontzertuetarako toki egokirik” 

Egitaraua oparoa da. Nola egin duzue aukeraketa?

Koldo Otamendi. Aukeraketa egiteko orduan, 30eko zerrenda bat izan dugu mahai gainean.

Antton Aranburu. Horrek esan nahi du Gaztean jartzen ez dituzten talde asko daudela. Bestetik, neska-mutil arteko oreka bat dago kartelean.

Koldo Otamendi. Ez da baldintza bat baina saiatu gara oreka bat lortzen. Formatu ezberdina da, goxoa, erakargarria, gauza berriak deskubritzeko aukera ematen duena.

 

Gaztetxerik gabe, rock kontzertuetarako badago gabezia bat Usurbilen, ezta?

Antton Aranburu. Haraneko musika taldeok ez dugu kontzertuetarako toki egokirik. Sutegi bakarrik dugu eta muga bat da. Zine areto bat da, eserita ikusteko... Hitzaldietarako eta pelikuletarako funtzionatzen du baina ez da kontzertu areto bat. Dena den, jaialdi akustiko honetarako egokia da.

 

Ekainak 2 igandea, Sutegin 

Partehartzaileak: Abereh, Montauk, Paxkal Irigoyen, Gartxot, Serge, Natali, Birkit, Sara Zozaya, Ane, Larra Bideak, Raitx, Asier Beramendi. 

Arratsaldeko 19:00etan, Sutegin. Sarrera, 10 euro.