2. Adikzioen Tokiko Plana izango du Usurbilek, 2023ra arte

Noaua Aldizkaria 2019ko mai. 29a, 09:01

2013az geroztik lau urtez indarrean izan den Mendekotasunen Prebentziorako Usurbilgo lehen udal plana amaituta, Agipad-ek Adikzioen Tokiko bigarren plana landu du Udalarentzat. Aho batez onartu zuen udalbatzak maiatzaren 23an egin zuten legealdiko azken osoko bilkuran. 

Bozkatu aurretik Xabier Arregi alkateak zioenez, gaiak “benetan kezkatzen gaitu. Behar beharrezkoa da indarrak batu eta elkarlanean aritzea”, gaineratu zuenez, “arazo honi erantzun bateratua emateko”. 

Aipatzekoa da udal plan honen diseinuan herriak izan duen eskuhartzea. Eztabaida eta hausnarketa prozesua bideratu zuen iaz, herriko hezkuntza eta aisialdi eremuetako hainbat eragilerekin. 

Helburu argi bat du planak, ongizate saileko zinegotzi Jone Urdanpilletak argitzen zuenez, “sektore ezberdinen koordinazio eta planifikazioa da, mendekotasunei dagokienez, esku-hartzeetan eraginkortasun eta efizientzia indartu eta honek emaitza positiboak eman ditzan prebentzio arloan”. Azken helburua, argi dago: “herritarren bizi kalitate hobea lortzea”. Landu edo hausnartu beharreko hainbat gai aurreikusten dira esparru honetan: sustantzia ezberdinekiko dagoen arrisku pertzepzio baxua, sustantzien eskuragarritasuna, jokaerazko adikzioen aurrean egiten den esku-hartzearen handitzea...  Plan honen jarraipena egiteko mahaia osatzea aurreikusten da.