Usurbilen bezala, Hego Euskal Herriko pentsiodunen plataformek mobilizatzen jarraitzen dute herri eta hiriburuetan. Eta hala segitzeko konpromiso sendoa erakutsi dute. "Inoiz baino irmoago eta inoiz baino konbentzituago esan nahi dugu gure aldarrikapenak lortu arte ez dugula etsiko, oraingo eta etorkizuneko pentsiodunak duintasunez bizi eta lanean ari gineneko lan-eskubideak ere errespetatuak izan arte", nabarmentzen dutenez.
Ondoko aldarrikapenak betearaztea nahi dute, bat nagusiki: "batak zein besteak gobernatu, pentsioak defendatu":
-Pentsioen Sistema Publikoa blindatzea pentsio duinak bermatzeko.
-Urrats esanguratsuak eman Europako Gutun Sozialarekiko konpromisoak betetzeko.
-Legez eta betirako bermatu gure urteroko eros-ahalmenak, KPIaren ordaina gutxienez.
-1.080 euroko gutxieneko pentsioa ezarri.
-Azpimarratu nahi dugu bai Euskadiko eta baita Nafarroako gobernuek eurena egin eta osa ditzatela gaurko pentsioak kopuru horretara hel daitezen.
-Lanbide arteko gutxieneko soldata: 1.200 eurokoa. Soldata duinik gabe, ez dago pentsio duinik.
-Prekarietatea areagotuko duten lan erreformak indargabetzea.
-2011ko eta 2013ko lan eta pentsio erreformen alde atzerakoiak indargabetu.
-Jasangarritasun faktorea betiko indargabetu.
-40 urte kotizatutako erretiro aurreratuari zigorrik ez.
-Genero arrazoiengatik gizonen eta emakumeen pentsioen artean dagoen arrakala desegiteko neurri eraginkorrak.
-Abantaila fiskalik ez, Pentsioen Plan Pribatu eta EPSV-entzat.