Gugandik 600 kilometrora, Valentziako Picassenteko espetxean dira oraindik, Olatz Lasagabaster, Patxi Uranga eta haien haur Xua. Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak, apirileko azken ostiraleko elkarretaratzean ohartarazi zuenez, are gehiago urrundu ditzakete laster. “Berriki jakinarazi diete Picassenteko amen moduloa ixtera doazela eta handik beste espetxe batera eramango dituztela. Segurua ez den arren, litekeena da oraindik urrunago eramanak izatea”. Gerta daitekeenarekiko, “jakina, kezka eta urduritasuna areagotu egin die bai berari (Olatzi), bai senideei. Berriro leku berri batera moldatzea, umea espetxetik ateratzen dutenean baldintza ahalik eta egokienetan izateko beste etxebizitza bilatu beharra eta abar eta abar”.
Sagardo Egunean egin zuten elkarretaratzean beste albiste bat ere aurreratu zuen Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak. Patxi Urangari bigarren gradua aplikatu diote.
10 urte espetxean
Gerta daitekeenaren zain, etorkizun hurbilean ere bestelako aldaketarik biziko dute Olatzek, Patxik eta Xuak. Datorren urtarrilean Lasagabaster eta Urangaren haurrak hiru urte beteko ditu eta gurasoekin partekatzen duen espetxetik irten eta ama zein aitarengandik urrundu beharko du. Egoera bidegabea da noski, kontuan izanik, Xuarekin batera, Olatzek eta Patxik jada kalean behar zutela, Usurbilen, espetxe zigorraren hiru laurdenak beteak baitituzte. Baina gaurkoz, aipatu moduan, Picassenten dituzte preso. Ekainean 10 urte beteko dituzte espetxean. Gaurkoz 2021eko ekainerako finkatua dute irteera data.
“Xua gurasoekin etxera” dinamika
Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak apirileko azken ostiraleko elkarretaratzean iragarri zuenez, Olatz, Patxi eta Xua etxeratzea exijituko duen “Xua gurasoekin etxera” dinamika bat antolatzen ari dira Orioko eta Zarauzko lagunekin batera. Dinamika honen gaineko xehetasunak laster ezagutzera ematekoak dituzten arren, gogorarazi zutenez, “hilabete batzuk barru Xuak hiru urte betetzen dituenean ezin izango du gurasoekin espetxean bizitzen jarraitu. Eten hori, ordea, ekidin daiteke Olatz eta Patxiri espetxe politika arrunta aplikatuko baliete baldintzapeko askatasunean atera daitezkeelako”.