Mendekotasun prestazio ekonomikoak jasotzen dituztenen zaintza kalitatearen jarraipena egiteko hitzarmena

Noaua Aldizkaria 2019ko mai. 30a, 09:15

Usurbilgo Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sinatu beharko duten hitzarmena, maiatzaren 23ko udalbatzaren ezohiko osoko bilkuran onartu zuten udal ordezkariek aho batez. Hitzarmenak urte osoko indarraldia izango du, abenduaren 31ra artekoa. 8 urtez luzagarria izango da.

Bi urteko bidea egin du gai honek hitzarmen hau onartu arte. Legealdiko plenoan udal gobernu taldetik Jone Urdanpilleta zinegotziak berri eman zuenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak duela bi urte beharrezkotzat jo zuen mendekotasun prestazio ekonomikoak jasotzen dituzten herritarrei, jasotako zaintzaren kalitatearen jarraipena egitea. Foru Aldundiak zeregin hau udaletako Gizarte Zerbitzuen esku uztea erabaki zuen. Udal batzuk ordea, lan honetarako nahikoa prestazio ez dela jartzen alegatzen dute. Alegazioa onartu eta Foru Aldundiak konpentsazio ekonomikoa ematea onartu zuen. 

Hitzarmen berri honekin, aipatu laguntza jasotzen ari diren herritarrei gutxienez bi urtero bisita bat egitea adosten da eta modu berezian ere, “bestelako jarraipen modalitateak erabili ahal izango dira etxeko bisitaldiaren ordez”. Zaintza lan hau egiteko baldintzak zehazten ditu udalbatzak onartu eta laster Udalak eta Aldundiak sinatuko duten hitzarmenak. Aipatu moduan zeregin hau Aldundiak Udalaren esku uzten du. “Jarraipenaren helburua da pertsona horiek arreta baldintza egokiak jasotzen dituztela eta etxebizitzako bizikidetza eta bizigarritasun baldintzak egokiak direla egiaztatzea, zaintzen kalitatea bermatzea eta arreta gabezia egoera posibleei aurre hartzea”.